Soka dantza berezia egingo dute bihar Beasainen, Euskararen Egunean
Loinazko San Martin plaza azpian, 19:00etan, izango da ekitaldia.

Beasaingo Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldia, 19:00etan, egingo da Loinazko San Martin plaza azpian. Duela urtebeteko Euskaraldia gogoratuz, datorren urteko Euskaraldian parte hartzeko gonbita egitea da asmo nagusia, eta bide batez, Belarriprest-ak erdigunean jartzea. Amaieran, txokolate beroa banatuko diete bertaratzen direnei.
Ekitaldiaren lehenengo zatian, 2018ko Euskaraldiko datuak eman, eta 2020ko Euskaraldiaren ezaugarriak zeintzuk diren azalduko dituzte, biharko ekitaldian parte hartuko duten erakundeen izenak ematearekin batera.
Jarraian, Euskal Herri osorako Topaguneak prestatu duen Kike Amonarrizek idatzitako testua irakurriko da.
Soka
Azkenik, biharko ekitaldia berezi egingo duen momentua iritsiko da. Aurtzakako dantzariek soka dantza egingo dute eta bertaratu diren kideek eskutik helduta sarea osatuko dute. Amaieran beste dantza bat egingo dute.
18:30etik aurrera pantailan 2018ko Euskaraldiko Beasaingo irudiak jarriko dituzte.