Goierriko ikasleek bat egin dute Euskararen Egunarekin
Goierriko hainbat herri eta ikastetxeetan Euskararen Egunarekin bat egin dute gaur, eta ospakizun koloretsuak egin dituzte, musika, kantu eta dantza artean.
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Goierriko ikastetxe gehienek antolatu dituzte ekitaldiak goizean eta eguerdian zehar. Ordizian esaterako, ikastetxe guztiak elkartu dira plazan, euskararen aldeko mezuak idatzi eta abestiak kantatzeko; Lau teilatu eta Guk euskaraz abestiak kantatu dituzte elkarrekin. Lazkaon ere, kantu giroan pasa dute goiza, ikastolako ikasleek nahiz herritarrek, kantu-jira berezia egin baitute. Ikasleek euskararen eguneko mezua irakurri dute, eta ekitaldia bukatzeko, koreografia egin dute.
Beasainen eta Urretxu-Zumarragan, ikasketxe bakoitzak bere aldetik ospatu du Euskararen Eguna. La Sallen, ‘E’ erraldoia irudikatu dute; Murumendin berriz, ordu honetan ari dira kantaldia egiten. Andramendi ikastolak jai eguna du gaur, eta bihar egingo dituzte Euskararen Eguneko ekitaldiak. Urretxu-Zumarragako Gainzuri ikastetxean, lipdub-a egin dute, eta UZ Ikastolan, flashmob-a.
Euskararen Egunaren harira Goierriko ikastetxeen antolatutako ekitaldiak, iruditan:
Arratsaldean, herri mailako ekitaldien txanda izango da. Hau da gaurko egitaraua:
Ekitaldiak Goierrin
Ataun. 19:00etan, Ataunen euskaraz bizi gara? Euskaraz bizi nahi dugu? kafe-tertulia, udaletxeko batzar aretoan: helduen kontzientziazioaz, euskaraz bizitzen jarraitzeko zer egin, Ataunen euskara gero eta gutxiago hitz egiteaz…
Beasain. 19:00, ekitaldi nagusia, Loinazko San Martin plazapean: 2020ko Euskaraldiaren aurkezpena, agiri irakurketa, Aurtzakakoen oka-dantza, 2018ko Euskaraldiko argazki eta bideo emanaldia.
Ezkio. 17:30ean, herriko dantzariak, Euskaraldia gogoratzeko ekitaldia eta mokadutxoa, plazan.
Lazkao. 18:00, Lazkao Txiki Musika Eskolaren eta Oin Arin dantza taldearen erromeria, kaleetan. 20:00, taloak egiteko ikastaroa eta afari-merienda, Maizpiden.
Legorreta. 18:30ean, adierazpena irakurtzea, plazan. 2020ko Euskaraldiko deia Eleguneak. Ugaro eskolan aste osoan burutuko dituzte ekitaldiak.
Mutiloa. 18:00etan, gaztainak erretzea eta jatea, plazan.
Olaberria. 18:00, ‘Euskararen sorrera’ ekitaldia eta erakusketa, Ihurre Zaharrean. 18:30, taloak, Arkupen. Ihurretik autobusa izango da.
Ordizia. 18:30, Ahobizi eta Belarriprest ekitaldia, Plaza Nagusian: agiria irakurtzea, bizipenak azaltzea, Ordiziako Bertso Eskolari omenaldia, Urdaneta eta Amets Bide dantza taldeen saioa.
Segura. 18:30ean, Pello Etxanizen ‘Euskañola’ hitzaldia, Ardixarra etxean.
Zegama. 17:30ean, kantu-festa eta txokolate jana. Udaletxe aurreko plazan.