Mikel Otegiren askatasuna eskatuko du Sarek, «larriki gaixo» dagoelako
Gaur, Zumarragako ospitalean eta anbulategietan bilduko dira; ELA eta LAB sindikatuek ere bat egin dute. Biharko egun osoko egitaraua antolatu dute Itsasondon
Larri gaixorik diren presoak aska ditzaten aldarrikatzeko Herriz Herri bira egiten ari Sare mugimendua. Euskal Herriko beste hainbat eskualde eta herritan gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubideen urratze egoera desagerrazteko eskatu ondoren, gaur, Goierrira iritsiko da kanpainarako egokitu duten anbulantzia berezia. 10:00etan, Zumarragako ospitalean egingo du lehenengo geldialdia; ELA eta LAB sindikatuek bat egingo dute elkarretaratzearekin.
Gaur egun 21 dira larriki gaixo dauden euskal presoak; tartean dago Mikel Otegi itsasondoarra. 2003tik dago preso eta 2017an, 47 urte zituenetik, sindrome koronario akutua (bihotzekoa) Stent dauka. Otegi Madrilgo Valdemoroko kartzelan dago, etxetik 460 kilometrora. Sareren esanetan, «ezin dugu segurtasun politiken aitzakiapean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean, larriki gaixo diren presoak heriotzara kondenatuak daude, horren era- kusle dira azken urtean jazo diren heriotzak». Era horretan, «ez dugu Mikelen etxeratzea gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean edo sendaezina denean gauzatzea nahi. Guztion ardura da muturreko egoera hau aldatzea».
Osasungintzakoen babesa
Osasungintzako adar desberdinetan lan egiten duten Goierriko 15 profesionalek adierazpena sinatu dute: «Agintariei eskatzen diegu indarrean dagoen estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela, larriki gaixorik dauden presoak espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, konfiantzazko medikuarekin artatze egokia izan dezaten, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonal dela eta». Horrekin batera, «espetxe populazio osoaren bizitza, segurtasun eta osasun eskubideen errespetua babes dezatela» eskatu diete Madrilgo gobernuari eta, «bereziki», Espetxe Erakundeei, «botere publikoek sentsibilitate berezia adierazi behar dutelako espetxe politika zuzendu behar duten printzipioetan eta, zehazki, Espetxe Erregelamenduaren 104.4 artikulua aplikatzean».
Adierazpena sinatu dutenak ondorengoak dira: Goretti Cobos, Ana Garmendia, Alicia Cajal, Eñaut Agirre, Eider Zuhaitz, Eneritz Ibarzabal, Edorta Zapirain, Maria Dolores Lopez, Begoña San Noan, Carmen Legorburu, Justo Mujika, Maria Angeles Arrondo, Maria Isabel Amiano, Ainhoa Karrera eta Koldo Zabaleta.
Informazioa banatzen
Preso gaixoen egoera azaltzen arituko dira gaurtik larunbatera bitartean Goierrin antolatu dituzten ekitaldietan. Mikel Otegiren herrian, Itsasondon, egun osoko egitaraua antolatu dute ostiralerako. Itsasondon giza katea egingo denez, Beasaingo ostiraleroko elkarretaratzea ez dutela egingo jakinarazi dute.
Gaur, osteguna
· 10:00. Zumarragako ospitalean.
· 12:30. Beasaingo anbulategian.
· 18:30. Lazkaoko plazan.Bihar, Itsasondon
· 11:30. Altxorraren bila eta ‘Espetxe-bisitak’ solasaldia.
· 14:30. Bazkaria.
· 17:00. Postal tailerra.
· 18:00. Giza katea.
· 18:30. Argazki erraldoia.Larunbatea
· 12:00. Beasaingo plazapean.
· 18:30. Ordiziako plazan.