Haurren Hiriaren lehen urratsa
Beasaingo Haurren Hiria proiektuko lehenengo saioa egin dute gaur Igartzako jauregian.
Haurren Hiriko aurreneko saioa egin dute gaur Beasainen. Herriko lau ikastetxeetako 32 haurrekin dinamikak lantzen hasi dira. Igartzako jauregian elkartu dira 09:30ean. Itxaro Mendizabalen esanetan, “Dar-dar kooperatibakoek Haurren Eskubideak zein diren adierazi dizkie antzezlan baten bidez, hortik parte hartzeko eskubidera salto egin eta sarrera emango dio Haurren Hiriari”.
Haurren Hiria proiektuak udalerriarekin zerikusia duten gaietan haurren parte hartzea bultzatzea du helburu. 8-12 urte bitarteko haurrekin egingo dute lanketa. Ikastetxe bakoitzetik gehienez 6-10 haurreko taldea izango da Haurren Kontseilua deritzona osatuko duena eta talde honekin urtean zehar herriko leku ezberdinetan egingo diren 4 topaketetan beraien agenda propioa sortzeko dinamika desberdinak egingo dira, 2020ko maiatzerako, udalaren aurrean aurkezteko agenda-proiektu bat izatea baita aurten lortu nahi dena.
Kontseiluan dauden haurrek, topaketa hauetan jasotakoa ikasgelara eramango dute, eta taldean, modu horizontalean, landutako gaiaren inguruko emaitza eta ondorioekin joango dira hurrengo topaketara. Maiatzaren 9an proiektuaren lehen urteak emango dituen emaitzak Udalari aurkeztuko zaizkio eta jai batekin ospatzeko asmoa dago.