Andoni Aizpuruk zabalduko du Goierriko sagardo denboraldia, Otatzan
Urtarrilaren 16an izango da, eta gabiriarrak "gustura" hartu du gonbidapena. Gipuzkoan 11,3 milio litro egin dituzte aurten, eta uztaren ezaugarriak ere eman dituzte ezagutzera.
Andoni Aizpuru telebista aurkezle gabiriarrak zabalduko du ofizialki Goierriko sagardo denboraldia. Urtarrilaren 16an izango da, 10:30ean, Zeraingo Otatza sagardotegian. Aizpuruk “gustura” hartu du txotx garaiari irekiera emateko jasotako gonbidapena.
Goiturreko bazkide diren Goiturreko sagardotegiak 2015ean hasi ziren sagardo garaiaren irekiera ekitaldi ofiziala egiten, eta txandan-txandan aritu dira. Lotura bakoitzean urtez urtekako bideoak ikus ditzakezue.
Lehena Altzagako Olagin egin zuten –Edurne Pasabanek ireki zuen–; bigarrena Ataungo Urbitarten –Helena Garcia Melero TV3ko telebista aurkezle kataluniarrak–; hirugarrena Legorretako Aulian –Emma Garcia telebista aurkezle ordiziarrak–; laugarrena Ordiziako Tximistan –Mikel Aiestaran kazetaria beasaindarrak–; eta orain arteko azkena Zeraingo Oiharte izan da –Gorka eta Ion Izagirre anaiek ireki zuten txotxa–. Datorren denboraldian Olaberriko Etxezurik itxiko du erronda.
2019ko sagardoaren ezaugarriak
Joan den larunbatean egin zuen Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak 2019ko uztaren aurkezpena Donostiako Sagardo Apuruaren barruan. Gipuzkoan, esaterako, 11,3 bat milio litro sagardo egin dira, aurreko urteetako kopuru bertsua. 2019ko sagardoa, orokorrean, halakoa dator:
-
Aroma aldetik intentsitate handikoa
-
Estruktura, gorputz eta izaera handikoa
-
Freskotasun handikoa
-
Txinparta finekoa
-
Alkohol kopuru baxuagokoa