Eguberrietan «bihotzarekin erosteko» deia egin dute Bareak elkarteak eta udalak
Beasaingo Bareak merkatari elkarteak Eguberrietako kanpaina hasi du. Erakusleiho lehiaketan 23 dendak parte hartuko dute. Gabonetako 50 lote zozkatuko dituzte erosleen artean.
Bareak Merkatari Elkarteak eta Beasaingo Udalak Eguberrietako kanpaina aurkeztu dute gaur. Garai honek merkataritzan berebiziko garrantzia duela nabarmendu dute, eta “herrian, Beasainen erosteko mezuari indar berezia” eman nahi diote. Leire Artola zinegotziak herrian bertan erosi eta kontsumitzeko deia egin die herritarrei: «Bertako ekonomiaren onerako izateaz gain, herri izaera indartzen duelako eta herritarren arteko harremanak areagotzeko eta gizartearen sozializaziorako ezinbestekoa elementua delako».
Bareak elkarteak mimo handiz prestatu du aurtengo kanpaina. Erakusleiho lehiaketan 23 dendak parte hartuko dute, erakusleihoak apainduz. Abenduaren 20ra arteko epea izango dute herritarrek erakusleihorik gustukoena aukeratu eta botoa emateko. Merkatari elkarteko Ane Aristik azaldu duenez, bi bide daude horrterako: «Batetik, lehiaketan parte hartzen duten edozein establezimendutan egongo den txartela bete eta udaletxeko Igunean egongo den kutxan utziz; eta bestetik, Bareaken Facebooken mezu pribatu bat bidalita». Abenduaren 27an egingo dute sari banaketa, 15:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Irabazleak, urte osoko erakusleiho apaintaketa zerbitzua irabaziko du. Bestalde, botoa ematen dutenen artean, hiru sari zozkatuko dira: 200 euroko bat eta 100 euroko bi txeke, lehiaketan parte hartu duten dendetan erabiltzeko.
Sariak eta txu-txu trena
Erakusleiho lehiaketaz gain, bezeroak ere saritu nahi ditu Bareakek. Honela, urtarrilaren 28rarte, Beasain Txartelarekin erosketak egiten dituzten guztien artean, gabonetako 50 lotetik gora zozkatuko dira; datafonoak ematen duen txartelean aterako da saritua. Bareak elkarteko 11 ostalari establezimenduek lote bana zozkatuko dute bezeroen artean. Era berean, erosketak egiterakoan oihalezko poltsa berrerabilgarriak banatuko dizkiete bezeroei, izakinak agortu arte.
Abenduaren 24an gozokiak banatuko dituzte gabon kantak abestera gerturatzen diren umeen artean.
Azkenik, abenduaren 26an eta 27an, Bareak Txu-Txu trena Beasaingo kaleetan ibiliko da. Loinazko San Martin plaza azpitik aterako da trena. Txartelak erosteko postua bertan egongo da.
Argi berriak
Gabonetako argiteriari dagokionean, aste honetan bertan hasiko dira argiak jartzen, eta hilaren 20an piztuko dituzte. Guztira 19 argi puntu jarriko dituzte, guztiak kontsumo urrikoak. Udalren esatean, «aurten kaleak eta etorbideak apaintzeko aukeratuk diren argiak berriak izango dira, ikusi gabekoak orain arte. Mantenduko den bakarra plaza nagusiko kioskoa apaintzen duten argiak izango dira. Gernika pasealekukoa izango da aldaketa nagusia».