Jose Luis Arzuagaren eskultura ikusgai Legazpiko Gizarte Zentroan
Mirandaola parkean jarritako olagizonaren eskulturarekin eman da ezagutzera Jose Luis Arzuaga artista gisa; orain, amari eskainitako lana jarri du ikusgai Gizarte Zentroan. Aurten ere jarri du jaiotza Udana mendateko zuhaitz batean, errepidearen ondoan.
Udaberriaz geroztik Mirandaolan ikus daitekeen olagizonaren eskultura handiarekin eman du ezagutzera bere burua artista gisa Jose Luiz Arzuaga legazpiarrak. Orain, bigarren lan bat jarri du ikusgai, bere ama Juliana Aierberen bustoa hain zuzen ere, Legazpiko Gizarte Zentroan.
Honako irudia duela 40 urte zizelkatu zuen Arzuagak, Carrarako marmolean, eta Gizarte Zentroko tabernaren sarreran dago ikusgai, egurrezko oinarri baten gainean, multzo bat osatuz. Izan ere, egurrezko pieza ere eskulturaren parte da, sei hutsune baititu, Juliana Aierbek izan zituen sei seme-alabak gogoratzeko.
Arzuaga oso pozik dago lan hori publikoaren aurreran erakutsi ahal izateagatik, eta esker oneko azaldu da Buztintegi jubilatu eta pentsiodunen elkarteak haren egoitzan ikusgai jartzeko eman dion aukeragatik. Ama jubilatuen etxera asko joaten zela eta, hunkituta ere badago artista legazpiarra.
Udanako jaiotza
Aurten ere jarri du jaiotza Jose Luis Arzuagak Udanako mendatean, azken urteetako ohiturari jarraiki. Obrak direla eta mendatea itxita egon arren, ez du ohitura alboratu nahi izan, eta dagoeneko jarrita daude jaiotzaren piezak betiko tokian, errepidearen ondoko pago baten zuloan.