Erronka Bila Kirol Kluba sortu da, txirrindularitza eta mendi zaleak uztartzeko
Goierriko eta inguruko mendi bizikleta zaleen topaleku izatea nahi dute. Neskak txirrinduan ibiltzera bultzatu nahi dituzte. Kirol modalitate desberdinetan aritzeko aukera izango da
Bizikleta eta mendia gustuko duen kirol taldea sortu dute: Erronka Bila Kirol Kluba. Kirol modalitate desberdinak jorratzen dituzte: txirrindularitza, mendia eta neguko kirolak, beti ere, «abentura eta erronka berriei aurre egiteko helburua» duten kirolak. Erroka Bila taldeko Iñigo Andreuren esanetan, «Goierri eta inguruetan dauden mendi bizikleta zaleak elkartzeko gunea izan dadin gustatuko litzaiguke». Topagunea izateaz gain, ikastaroak edo ekintzak antolatzea ere badute helburu.
Berdintasuna da Erronka Bilaren beste erronka nagusi bat: emakumezkoei bultzada ematea bizikletan ibiltzen hasteko. «Kirol modalitate hauen praktikaz gain, klubarentzat erronka garrantzitsua izango da nesken parte hartze aktiboa eta berdintasuna sustatzea». Horretarako, bizikletan ibiltzen diren neskak erakarri nahi dituzte klubera, elkarren arteko harremanak sustatu eta elkarrekin ekintzak egin ditzaten.
Ingurua, kultura ezagutu
Egingo dituzten ekintzekin «gure inguruak hobeto ezagutu eta munduan zehar dauden lurralde eta kulturak ezagutzea ahalbidetuko digute, horrela kultur hartu-emana gauzatuz». Atzerrira joaten direnean, adibidez, Goierriko edo Gipuzkoako informazioa zabaltzeko aukera lantzen ari dira.
Era berean, lanera j oateko edo batetik bestera joateko, «egunerokotasunean bizikleta erabiltzea» ere bultzatuko dute.
Neurriko erronkak
Taldearen izenak dioen bezala, «kirolari bakoitza, bere tamainako erronkak egitera» bultzatuko dituzte, «edonor, bere mailan, kirolaz disfrutatu eta protagonista sentitu dadin».
Horretarako, kirol modalitate ugari bultzatuko ditu Erronka Bila Kirol Klub berriak, batzuk ezagunagoak eta beste batzuk ezezagunagoak; txirrindularitzan adibidez, errepidea, mendi bizikleta (rally, maratoia, enduroa… , gravel edo lur-errepideak, ultra txirrindularitza eta Backpacking edo bidai bizikleta.
Mendian, berriz, mendi lasterketak, mendi eskia, mendi ibilialdiak, alpinismoa, abentura raidak eta orientazioa. Eta neguko kirolak ere sustatuko dituzte: iraupen eskia eta roll-skia, adibidez.
Klubean izena emateko aukera dago, erronkabila@gmail. com helbide elektronikora mezu bidalita edo 650 340 773 (Iñigo) telefonora deituta.