Umeentzako agenda betea
Puzgarri eta haur parke ugari jarriko dituzte Eguberrietako oporretan. Haur eta gazte antzerkiak, txotxongiloak eta ipuin kontaketa saioak ere badira aukeran
Aisialdia batetik, kultur eskaintza bestetik. Eguberrietako oporrak baliatuz, umeentzako eskaintza zabala prestatzeko saiakera egin dute Goierriko hainbat udalerrik. Haur parkeak klasiko bihurtu dira, izotz pista ere badago aurten, eta neurriko kultur ikuskizunak ere bai.
HAUR PARKEAK AUKERAN
Goierriko sei udalerritan jarriko dituzte Eguberrietan haurrentzako jolas parkeak. Ormaiztegi izango da goiztiarrena. Abenduaren 23an izango da, Zubipe kiroldegian (10:00-13:00/15:00-17:00). Urretxun hiru egunetan jarriko dute, abenduaren 26, 27 eta 28an, Ederrena pilotalekuan (11:00-13:00/16:30-19:30). .
Gainontzekoak Urteberri ondorenean izango dira. Olaberrian urtarrilaren 2an jarriko dituzte puzgarriak, goiz eta arratsaldez. Legazpin hiru egunez, urtarrilaren 2, 3 eta 4an. Lehen bi egunetan goiz eta arratsaldez (10:30-13:30 / 16:00-19:30) egongo da Azokan eta Urbeltz pilotalekuan, eta hirugarrenean goizez bakarrik, eta elizako jolas parkean.
Ordizian lau egunetan egongo da jolas parkea Beti-Alai pilotalekuan, urtarrilaren 2tik 5era. Errege bezperan goizez bakarrik zabalduko dute, aurreko hiruretan goiz eta arratsalde (11:00-13:30/17:00-20:00). Zaldibian urtarrilaren 3an jarriko dute (10:00-19:00). Puzgarriak ez ezik, kart zirkuitua eta arku tiraketa ere izango dira.
IZOTZ PISTA LAZKAON
Azken urteetan bi herritan izan bada ere, aurten Lazkaon soilik jarriko dute izotzetan patinatzeko pista. Lau egun izendatuko dituzte horretarako, abenduaren 27tik 30era, biak barne. Goizez 11:00etatik 13:30era egongo da zabalik, arratsaldez 16:30etik 20:30era.
PAILAZOEN BI SAIO
Tomaxen abenturak taldearen Azken balea pailazo ikuskizuna izango da Legazpin abenduaren 27an, Latxartegi aretoan (18:00). Urtezahar egunean, Patxin eta Potxin pailazoek Zirkuko izarrak emanaldia egingo dute Idiazabalen, Guraso elkartean (17:00).
MAGIA ETA TXOTXONGILOAK
Beasaingo plazapean Hausle ikuskizuna egingo du Txan Magoak abenduaren 26an (18:00). Abenduaren 30ean Ormaiztegiko Gizarte etxean Kontagailu taldearen Katillukadak txotxongilo saioa izango da, 18:00etan.
BI ANTZEZLAN ERE BAI
Txalo produkzioak taldeak 20.000 legoa itsaspeko bidaian haur antzerkia taularatuko du Ordiziako Herri Antzokian, abenduaren 27an, 17:00etan. Eta ekoiztetxe bera Zaldibian izango da abenduaren 30ean, haur eta gazteentzako Jon beldurgabea obrarekin. Herriko antzokian da saioa, 17:00etan.
HIRU IPUIN KONTAKETA
Mertxe Aizpurua Ordiziako D’elikatuz zentroan ariko da ipuinak kontatzen abenduaren 27an (12:00). Egun berean, Maider Galartzak Beldurrentzako ipuinak kontatuko ditu Zegamako kultur etxean (17:00). Urtarrilaren 2an, Legorretako kultur etxean, Xaltoren ipuin galduak kontaketa izango da, 18:00etan.