Legazpik 11.157.000 euroko aurrekontua izango du 2020an
EH Bilduk eta Legazpiko Berdeak taldeak kontra bozkatu dute, eta EAJk eta PSE-EEk alde. Iazkoa baino %1,17 handiagoa da datorren urteko udal aurrekontua
Onartu dute Legazpiko aurrekontu proiektua 2020rako. 11.157.000 euroko aurrekontua izango du Legazpiko Udalak datorren urterako. Astelehenean egin zuten osoko bilkura udaletxean; EH Bildu eta Legazpiko Berdeak alderdiek ezezko bozka eman zuten, eta EAJk eta PSE-EEk aldekoa. Iazko aurrekontua baino zabalagoa izango da aurtengoa; 2019. urtekoa baino %1,17 gehiago da 2020koa. Aurten, gainera, Gizarte Zerbitzuetarako 2.144.000 euro erabiliko direla azaldu du Koldobike Olabide alkateak, aurrekontu osoaren %19,2a, alegia.
Pertsonei zuzendutako 11 zerbitzu dira aurrekontuaren zatirik garrantzitsuena, aurrekontu osoaren %43a izanik: Gizarte zerbitzuak, kirola, hezkuntza, kultura, gazteria, euskara, euskaltegia, festak, merkataritza, turismoa eta enplegua. Alkateak komunikabideei helarazitako ohar baten arabera, legazpiarrek gainontzeko herri gipuzkoarrek baino zerga gutxiago ordaintzen dituzte: 509 euro bakoitzak, batez bestekoa baino %20 gutxiago. Diru sarreren %62,5 Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen ditu, eta gainontzeko %37,5, berriz, udal tasa eta zergetatik lortzen dute.
Aurrekontuaren inbertsio-partida 958.000 eurokoa izango da, baina 680.000 erabiliko dute bertatik, eta lau proiektutara bideratuko dute: Bellotaren pentsio zaharraren erosketarako 200.000 euro izango dira, San Ignazio auzoko lanetarako 120.000 euro, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrerako 60.000 euro eta aurrekontu partehartzaileen proiektuetarako 300.000 euro.
EH Bilduk eta Legazpiko Berdeak taldeek ezezkoa eman zuten bozketan. EH Bilduk adierazi du proposamena aurreko urteko «ildo beretik» doala: «Eredu kontrajarriak ditugu eta lehentasunak ez dira berdinak». Koalizioaren esanetan, aurrekontu parte hartzaileen proposamenak «hobetzekoak» ditu: «Proiektuei aurrekontu mugak ezartzen zaizkie, obra txiki asko bultzatuz eta obra integralak alde batera utziz», azaldu dute.