Amets bat, Koboloi eta Garaiz dendek irabazi dute Lazkaoko erakusleiho lehiaketa
Herritarren boto bidez aukeratu dituzte erakusleihorik dotoreenak. Leire Auzmendik jaso du 300 euroko erosketa bonoa, eta 150eko beste hiru ere banatu dituzte.
Lazkaon Merkatari Elkarteak eta Udalak antolatuta, Gabonetako erakusleiho lehiaketako sariak banatu dituzte gaur, Lazkaon. Amets bat, Koboloi eta Garaiz dendak izan dira herritarren boto gehien jaso dituztenak. Erosketa bonoak ere banatu dituzte, parte hartu duten herritarren artean.
Lazkaoko 21 dendak parte hartu dute lehiaketan, eta herritar nahiz erosleek emandako boto bidez aukeratu dituzte ederrenak. Udalak azaldu duenez, “merkatariek irudimen handia” erakutsi dute aurten, eta “erakusleiho originalak eta asko landutakoak” egin dituzte. Aurten hirugarren urtez egin dute lehiaketa, “Lazkaotarrak herrian erostera animatzeko beste pauso bat” eman nahian.
Botoa eman duten herritar eta erosleen artean, bost erosketa bono ere zozkatu dituzte. 300 euroko sari nagusia Leire Auzmendik jaso du. Beni Goñik, Mari Carmen Zunzundegik, Egoitz Bergarak eta Mari Jose Madariagak berriz, 150 euroko bono bana jaso dute.