Kultur sariak eta jaiotza
Ane Odriozolak eta Julian Armendarizek Kultura Sariak jaso dituzte. Haztegi Ikastolak jaiotzaren irekiera egin du bere 25. urteurrenean. Duela 200 urteko Legazpi irudikatu dute
Joan den asteburua oparoa izan da Legazpin. Alde batetik, Kultura Sarien banaketa izan zen aurreko ostiralean, abenduaren 20an. Bestetik, Haztegi ikastolak jaiotzaren irekiera egin zuen. Duela 200 urte Legazpik zuen itxura eman nahi izan diote.
Ane Odriozola Ciak eta Julian Armendarizek jaso zituzten Kultura Sariak aurtengo edizioan. Lehenak Kultura Merezimendua lortu zuen, El Secreto de Gibola liburuagatik. Premio Circulo Rojo 2019 sariaren irabazle izan zen Odriozola lan beragatik. Nerea izeneko gazte bat da protagonista eleberrian: familiak Legazpin baserri bat duela jakin eta herrira joango da zer aurkitzen duen begiratzera. Aitona Bittorren bizitza ezkutua ezagutuko du horrela. Armendarizek, berriz, Herrigintzaren saria jaso zuen, errondailan egindako lanagatik. Udalaren esanetan, errondailak bizi-irauteko indar eragile garrantzitsua izan da: «Herriko adinekoen, gaixoen, herrikideen, musika zaleen aurrean Alaitasuna Errondailak duen jarrera, hein handi batean, berari zor zaio», azaldu dute.
Jaiotzak, 25 urte
Ostiralean ere Haztegi Ikastolak jaiotza erraldoiaren irekiera egin zuen. Eguerdian egin zuten, ikastolan bertan. Aurtengoa, gainera, berezia izan da: 25 urte bete ditu jaiotzak, eta hori dela-eta, duela 200 urte Legazpik izan zitekeen itxura ematen saiatu dira berrikuntza modura.