Gabon azokak, ekoizpen eta elkartasun topaleku
Ordiziako Eguberrietako azokan aitortza bikoitza egin diete abeltzain eta nekazariei. Idiazabalen Alaken artisau azoka egin dute aurrenekoz. Araman eta Legazpin, errefuxiatuentzat jaki eta arropak bildu dituzte.
Aazokak betidanik izan dira bertako ekoizleen topaleku, baina Eguberrietan, nekazari eta abeltzainez gain, artisauek, sortzaileek eta elkartasun ekimenek ere toki berezia hartzen dute ferietan. Ordiziako Eguberrietako aparteko azokaz gain, aurten Idiazabalen, Araman eta Legazpin ere egin dituzte gabon giroko feria eta merkatuak.
Ordizian Eguberri egunaren bezperan egin zuten urteko hiru azoka berezietan azkena. Eguraldi ona lagun, jende ugari bildu zen herriguneko kaleetan. Nekazari eta abeltzainei aitortza bikoitza egin diete, gainera, aurten. Batetik, Javier Arrieta artistak egindako Mariane eskultura estreinatu dutelako; eta bestetik, nazioarteko lehiaketetan sarituak izan diren artzain eta gaztagileei, esker ona adierazteko ekitaldia egin zutelako.
Ordiziakoaz gain, beste hainbat herritan ere egin dituzte azokak asteburuan. Idiazabalen, esaterako, Alaken Gabonetako azoka egin dute, herriko artisau eta artisten lanak ikusgai jarrita. Herrian bizi diren emakume marokoarrek hennazko tatuajeak ere egin dituzte.
Araman, berriz, Zaporeak elkarteak antolatutako elkartasun azoka egin dute, hura ere, aurrenekoz. Errefuxiatu eremuetarako jakiak eta arropa bildu zituzten, besteak beste. Legazpin ere, errefuxiatuentzako janaria eta arropa bildu dute, Hotz Legazpik antolatuta. Herritar ugari aritu da boluntario lanetan.