«Horrelako lan batek bizitza eta pentsakera aldatzen dizkizu»
Jubilatu eta gutxira, Itsas Laguntza Humanitarioa elkartearen deia jaso zuen Josu Beitiak (Legazpi, 1954); Aita Mari itsasontzian mediku bat behar zuten. Baiezkoa eman zuen eta ez da damutu.
Nola sortu zitzaizun Aita Mari barkuan laguntzeko aukera?
Aita Mariko sukaldariak esan zidan Salvamento Maritimo Humanitario elkarteak mediku bat behar zuela, eta Hondarribiako osasun zentroan urte mordoa lan egin eta gero, duela gutxi jubilatu naizenez, baietz esan nion. Egun gutxitara SMHren deia jaso nuen; biharamunean baiezkoa eman nien.
Noiz hasi zen abentura?
Ni azaroaren 4an atera nintzen Bilbotik abioian Atenaserantz, eta gero handik Lesbosera joan nintzen ferrya hartuta. Aita Mari hurrengo egunean iritsi zen material humanitarioarekin.
Zer ikusi zenuen Lesbosen?
Han egon ginen aste betean Moriako kanpalekuak bisitatu genituen. Chiosera ez ginen joan, baina jaso genuen hango berri. Errefuxiatuen %85 afganistandarrak eta siriarrak dira, baina inork ez daki zenbat jende dagoen, eta esan zutenez, egoera asko okertu da denbora gutxian. Gobernuz kanpoko erakundeak alde egiten ari dira, Gurutze Gorritik hasita, Zaporeak ere bai… Oso kontu zatarrak aipatzen dira, baita Acnur eta Greziako gobernuari buruz ere, janari banaketaren inguruan sortuta dagoen ekonomiaz eta…
Zein inpresio egin zizun Lesbosek?
Giza zabortegiak dira kanpalekuak. Barruko egoera ez da erraza, batez ere emakumeentzako. Emakumeek pixoihalak eskatzen omen dituzte gauerako, lo egiten ari diren lekutik mugitu beharrik ez izateko, bestela bortxatuak izaten dira eta. Errefuxiatuen artean ez dago ia elkartasunik; gurean ere, gizarte aurreratuagoetan, bortxaketak izaten badira, nola ez han? Gainera, oso gizarte patriarkaletik datoz.
Noiz itsasoratu zineten?
Azaroaren 12an, eta oso eguraldi txarrarekin. Maltako SAR gunean [Search and Rescue, Bilaketa eta Erreskatea] zaintza lanak egiteko baimena genuen.
Zer da SAR gunea?
SAR gunea hango egoera ulertzeko gakoa da. Lurralde bakoitzeko 12 milien uretatik harago doan gunea da SAR, nazioarteko uretan dagoena. Libiari, haren kostaldetik 80 miliaraino iristen den SAR gunea onartu diote europarrek, eta 80 milia horien barruan itsasontziak erreskatatzeko eta Libiara itzultzeko aukera dute. Baina Libian ez dago portu segururik, ez dituzte errespetatzen errefuxiatuen eskubideak.
Hala, legez Maltako uretatik nazioarteko uretara erreskateak egitera joateko aukera izanda ere, libiarrek duten baimenak konfliktoa eragiten du.
Aita Marik zainketaz gain, erreskate bat egin zuen.
Alerta bat jaso genuen Libiak kontrolatzen duen SAR gunetik. Protokoloei jarraituz, Maltarekin harremanetan jarri ginen eta ez zuten kasorik egin, gero Libiarekin, eta han ere berdin. Orduan, joatea erabaki genuen,
Nondik iristen dira alertak?
Txalupa bakoitzean telefono bat daramate, eta harekin Alarm Phone erakundeak kudeatzen duen zenbakira deitzen dute; handik, arriskuan dagoen txaluparen posizioa bidaltzen dute.
Baina Aita Marik beste txalupa bat erreskatatu zuen.
Bai, lehen txaluparantz gindoazela, beste bat ikusi genuen, eta han zihoazenak gurera sartu genituen. Gero alerta bidali zuen txaluparen bila abiatu ginen, baina milia batera geundela, Libiako kosterako barkua gure atzetik ikusi genuen, eta buelta eman behar izan genuen konfliktoa ekiditeko. Seguraski Libiakoek eraman zuten. Egunean bertan, beste txalupa bat zegoela esan ziguten, eta Open Arms barkuarekin harremanetan jarri eta gu gertuago geundenez, bila joan ginen; baina ez genuen aurkitu, desagertu egin zen. Seguruena hondoratu egin zen.
Tarte horretan, Aita Marin lehen erreskatekoak zeuden.
Bai, 69 lagun, leku askotakoak: Ghana, Camerun, Etiopia, Niger, Nigeria, Somalia, Mali, Sudan, Sierra Leona, Chad… Batez besteko adina 23 urtekoa zen. 12 adin gabeko ere baziren, horietako bat 11 urtekoa, bere amarekin.
Orduan hasiko zen zure lana.
Aita Marik egiten zuen lehen erreskatea zenez, horretarako protokoloak jarri genituen martxan, eta lehenik, barkura igo bezain pronto, banan bana begiratu genituen, behar bereziren bat ote zuten ikusteko. Haurdun zazpi hilabeteko zegoen emakume bat zetorren, eta 23 urteko beste neska bat, duela 8 hilabete zesarea egin ziotena Libiako ospital batean. Zesarea oso ondo zeukan, baina hark kontatu zizkigunak oso gogorrak ziren, sexu esklabua izan zela eta…
Hain txarra al da Libian emakumeen egoera?
Libian milizia asko daude, eta horiek eta bi gobernuen militarrek, baita ISISek ere, jende gaztea erakartzeko emakumeak erabiltzen dituzte amu gisa.
Bestela, nola zegoen jendea?
Hasieran ondo, baina gero arazo txiki batzuk azaldu ziren, Etiopiakoek desnutrizioa zutela ikusi genuen… Okerrena bigarren egunean izan zen, eguraldia okertu eta olatu handiak izan zirelako; kanpoan genuen olana hautsi egin zen, mantak busti egin ziren, jendea hoztu egin zen… eta hipotermia kasu batzuk izan genituen. Hurrengo egunean, bodega hustu genuen ahulenak hara eramateko.
Bitarte horretan porturatzeko gestioak egiten ariko zineten.
Maltak ez zigun baimenik ematen, Italiak ere eze… baina laugarren egunean Pozzallon porturatzeko baimena eman ziguten. Jendea asko poztu zen, Italiara joan nahi zutelako, eta Siziliako portu hori aukera ona zelako. Halere, hara iristeko bi egun behar izan genituen, sei metroko olatuak zeudelako; itsasoa baretu zain egon ginen.
Pozzallora iritsitakoan, zer?
Azaroaren 26an iritsi ginen, eta elkartasun handia sentitu genuen. Han giza eskubideen alorrean lan egiten dutenekin harremanetan gaude, ‘gure’ errefuxiatuen jarraipena egiteko.
Nora eramango dituzte?
Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak batzuk hartuko zituztela esan zuten… Kontu honetan mafia handia dago eta fiskalen lana zaintzeko eskatu diegu gure kontaktuei, txalupa gidatzen zihoanari ez diezaioten pertsona trafikoa egotzi, nora eramaten dituzten jakiteko…
Zure lana han amaitu zen?
Abenduaren 3an itzuli nintzen, ia hilabete egin eta gero.
Zer balorazio egiten duzu?
Oso aberatsa izan da.
Itzuliko al zara?
Uste dut baietz, nahiz eta gaizki pasatu dudan une batzuetan, itsaso txarragatik mareatuta eta beldurtuta; ni lurrekoa naiz.
Jendea animatuko zenuke horrelako lanak egitera?
Bai. Lan asko dago, batez ere Chiosen. Hara joan eta bizitza eta pentsakera aldatuko zaie. Oso gogorra da Chiosko egoera. Morian jendea moldatzen dela ikusi nuen, poliki-poliki herri txiki bat antolatzen ari dira, dendak eta guzti. Baina Chiosi buruz kontatzen dutena bestelakoa da. Jendea etsita dago, itxaropenik gabe… buruko gaixotasunak, hotza, zauriak, eta batez ere estres postraumatikoa. Ez datoz oso egoera onetik, eta bidean zer pasatu ote duten!
Eta ez da irtenbiderik ikusten.
Ez. Eta salatu egin behar da Europak nola eduki dezakeen jendea horrelako baldintzetan.