«Agur bazkarira alkate guztiak joan ziren, horrekin geratu naiz»
Segurako Udaleko administraria izan da Mari Karmen Izeta 46 urtean. Azaroan erretiroa hartu zuen eta amona lanetan hasi da orain. Egindako lanaren errepasoa egin du segurarrak.
Seguran oso maitatua da Mari Karmen Izeta (Segura, 1956), herriko udaletxean 46 urtean administrari lanean aritu baita, ahal zuen neurrian, segurarren beharrei erantzuten. Erretiroa hartu zuen azaroaren hasieran eta bizimodu berrira ondo baino hobeto egokitu da, bilobaren laguntzarekin.
Nola iritsi zinen Segurako udalera?
Nire aurrekoak 70 urte zeuzkan eta bere ordezkoa behar zuten. Iragarkia jarri zuten, eta hiru lagunek eman genuen izena, eta niri egokitu zitzaidan lan hori. Harrezkero, nire bigarren etxea izan da. 46 urtean lan egin dut Segurako udaletxean. Gustura aritu naiz. Egun onak, txarrak… denetik izan dira. Baina ni onarekin gelditzen saiatu naiz.
Zein zen alkate?
Ximon Garaialde.
Harrezkero makina bat alkate izango dira…
9-10 bat pasatu ditut. Denekin ondo moldatu naiz, gustura egon naiz. Udal taldearen babesa izan dut beti, beti oso ondo portatu dira nirekin, ez daukat batere kexarik.
Zenbat langile zineten garai hartan udaletxean?
Aguazila eta ni ginen udal langileak; idazkaria astean behin etortzen zen. Hark asteko lanak uzten zizkidan. Idazkari hark asko erakutsi zidan eta aholku bat eman zidan, Azkoititik etortzen zen, izatez Palentziakoa zen: «Ondo lan egin nahi baduzu, ikusi, entzun eta isildu». Eta urte guztiotan hori izan da nire filosofia.
Idazkari hark zerbait bazekien, ezta?.
Gauza asko ikusten dira udaletxe batean, eta bakeak asko balio du. Eta saiatu naiz bakean bizitzen. Ez da erraza izan, urte gogorrak izan dira, politika tarteko; denetik izan da. Saiatu naiz herriko jendeari denei berdin egiten. Gustura nago egin dudan lanarekin.
Herritarrak ere gustura izan dituzu. Segurar askok diotenez, asko lagundu diezu.
Saiatu naiz ezinean ikusten nuena laguntzen eta saiatu naiz ahal dudana egiten. Ez naiz besteak baino hobea, baina nire aldetik ahal dudana egin dut. Behin urteak pasa ahala jendeak konfiantza hartu du eta nik ahal dela, lagundu egin diet. Isilik pasatu esandakoak, eta orduan jendeak konfiantza hartzen du. Filosofia horrekin ondo joan zaidala uste dut.
Administrari berriari zer esan diozu? Zein gomendio eman diozu?
Niri esan zidaten gauza bera esan diot: «Ikusi, entzun eta isildu». Era askotako jendea etortzen da eta pazientzia behar da askotan. Momentu batzuetan gainera itomena ere izaten da: telefonoa hartu behar, alkateak presaka zerbait behar duela, mostradorean jendea… Pazientzia behar da.
Duela 46 urte egiten zenuen lanak eta orain egindakoak zerikusirik ez zuen izango. Zein lan egiten hasi zinen?
Denetik egiten nuen orduan. Orain gizarte laguntzailea daukagu, baina zati txiki bat harena egiten nuen, kulturako lanak ere bai: festak, dantza… Baina momentu bat iritsi zen pertsona batek dena denetik ezin zezakeela egin. Orduan, langile gehiago hartzen joan ziren pixkanaka.
Ordenagailurik ez zen duela 46 urte.
Dena eskuz egiten zen. Idazteko makinarekin aritzen ginen, gordeta dago oraindik. Soldadutzako paperak ere egiten genituen, paper handi batzuk betetzen genituen. Medikua etortzen zen udaletxera, jai goiz batean, mutil gazteak neurtu, pisatu eta azterketa egitera. Paperak Donostiara bidali behar ziren.
Faxak lana erraztuko zuen.
Faxarekin erabat harrituta gelditu nintzen: hemen papera jarri eta Donostiara iristen zen. Ze aurrerapena! Faxa iritsi aurretik noizik eta behin Donostiara joaten ginen paperak eramatera, baina buelta horiek bukatu ziren faxarekin eta helbide elektronikoarekin.
Eta Internetarekin zer esanik ez.
Aldaketa asko izan dira. Zeharo aldatu da azkeneko 20 urteotan. Beti joan da aldatzen, baina azkeneko urteetan asko aldatu da Internetarekin eta telefono mugikorrarekin. Ez naiz oso Internet zalea. Hasieran kontabilitatea bera eskuz egiten genuen lehenengo. Gero programa bat jarri ziguten, gero beste bat… Hiru edo lau pasatu nituen. Orain dela 4 urte gaixotu egin nintzen eta azkenekoan esan nien ezin nuela gehiago. Orduan lan hori kendu egin zidaten eta administrazio lan normalarekin gelditu nintzen.
Hasierako zure lanen artean, dantza txapelketa antolatzen laguntzea izaten zen.
Izenak hartu, telefonoz abixuak eman, bikoteen zerrenda, puntuazioa… dena idazteko makinaz egiten ziren. Orain dena ordenagailuz egiten da. Dena eskuz egiten zen.
Herrikoa izatea abantaila izango zen zenbaitetan, eta desabantaila besteetan.
Hori da. Kalean ez naiz gehiegi ibili, konpromiso asko izaten zen. Batek gauza bat galdetu, edo bestea galdetu…
Momentu txarrak izango ziren urte hauetan guztietan…
Saiatu naiz txarrak ahanzten eta onarekin gelditzen.
Momentu onetan zein nabarmenduko zenuke?
Denak gustura ikusi ditut nire inguruan eta nire poza hori izan da. Poztasun horrekin joan naiz. Denek konfiantza eduki dute nirekin eta saiatu naiz beraiei laguntzen.
Agur festa ere egin dizute.
Udaletxeko agur festan bazkari bat egin genuen, eta alkate guztiak etorri ziren. Izugarrizko poza eman zidan horrek, eta horrekin geratu naiz. Oso gustura bukatu dut nire etapa. Onenak izan dira udaletxe bezala eta lankide bezala.
Udaletxean erretiroa hartu duzu, baina lanbide berria daukazu orain.
Amona lanak eta oso pozik! Oso lan polita da gainera.