Ana Usabiaga, ziklo-krosean
Ana Usabiaga txirrindulari ordiziarra pistan lortutako garaipenengatik egin da ezagun, baina duela 15 urte kadete mailako Espainiako ziklo-kros txapelketa irabazi zuen.
15 urte asko ala gutxi al dira? Gizateriaren historian gutxi, zalantzarik gabe. Pertsona baten bizitzan, dezente. Eta Goierriren historian, berriz, asko direla dirudi. 15 urte hauetan eskualdea nola aldatu den ikustea besterik ez dago. Beste toki batzuetan mende bat beharko lukete horrenbeste gauza egiteko. Eskualde hiperaktiboa gara nonbait…
Duela 15 urte, 2005eko urtarrilean, Ana Usabiaga txirrindulari ordiziarrak 14 urte besterik ez zituen eta kadete mailako Espainiako ziklo-kros txapelketa irabazi zuen. Ordutik hona errepidean eta batez ere pistan lortutako garaipenengatik egin da ezagun.
Usabiaga asko aldatu bada, eskualdea zer esanik ez. 2005eko urtarrilean Zumarragako Eitza auzoan ez zegoen errotondarik eta Ormaiztegi-Zumarraga autobide zatia ireki gabe zegoen oraindik. Anton Arbulu Zumarragako alkateak udaberrian irekiko zela iragarri zuen 2005eko urtarrileko 11ko GOIERRIKO HITZAn.
Zaldibiako saihesbidea ere garai hartakoa da. Patxi Aierbe orduko alkateak obra udaberri eta uda artean hasiko zela iragarri zuen Arkaitz Apalategi kazetariari emandako elkarrizketan.
Zeraingo Ingelesen Etxeko interpretazio zentroa ere betidanik hor dagoela dirudi, baina 2005eko urtarrilean egitasmo bat besterik ez zen. Jakoba Errekondo Zerain Dezagun fundazioko teknikariak horren berri eman zuen 2005eko urtarrilaren 14ko GOIERRIKO HITZAn.
Urtarrilaren 8tik 14rako astean beste albiste interesgarri batzuk ere egon ziren: Aitor Garmendia txirrindulari ohiari omenaldia iragarri zuten, irailean Irimoko gurutzearen 50. urteurrena ospatuko zela ezagutzera eman zuten, Idiazabalgo Guraso Elkartearen desegitearen berri eman zen… 15 urte hauetan gauza asko gertatu dira. Aldaketa asko egon dira. Ordiziako Jauregi botika horien guztien lekuko izan da. 2005ean 150 urte bete zituen eta 2020an hor jarraitzen du. Beti bezain eder.