Gipuzkoako gazteen II. Aurresku Txapelketa larunbatean hasiko da
Sustraiak Dantza Taldeak eta Legazpiko Udalak antolatuta, gazteen txapelketako lehen kanporaketa jokatuko dute larunbatean, Latxartegi aretoan.
II. Gazteen gipuzkoar aurresku txapelketako lehen kanporaketa jokatuko dute larunbatean, urtarrilaren 11n, Latxartegi aretoan. 16:30ean izango da, Legazpiko Udalak eta Sustraiak Dantza Taldeak antolatuta. Iazko edizioan bezala, neskak eta mutilak elkarrekin lehiatuko dira.
Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen Aurresku Ligaxkako lehenengo saioa izango da larunbatekoa. Aurtengoan 2001 eta 2007 urteen bitartean jaiotako dantzariak ariko dira lehian. Bi sailetan banatuta, 27 dantzarik parte hartuko dute.
Lehenengo sailean, Agurra eta Txakolin dantzatu beharko dituzte, eta bigarren sailean, aldiz, Erribera eta Zortzikoa. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko partaideek osatuko dute epaimahaia, eta musika Goiz Deia Legazpiko txistularien esku egongo da.
Legazpiko zortzi dantzari lehiatuko dira Latxartegi aretoan; Sustraiak Dantza Taldeko Amaia Azpeitia, Elene Muñoz, Irune Azpeitia, Jon Alberdi, Laia Arruabarrena, Maria Sanchez, Markel Maniega eta Naroa Sanchez izango dira bertan. Legazpiarrez gain, Lezotik, Pasaiatik, Elgoibartik, Ataundik, Lasartetik, Zizurkildik, Amasa-Billabonatik eta Anoetatik etorritako dantzariak bilduko ditu ekitaldiak. Antolatzaileek herritarrei deia zabaltzen diete, «dantzari bikainen harrobiz» gozatzeko.