Ostiralean hasiko da Lemniskataren 'Urtarrila, matematikaren bila' zikloa
Matematika argazki lehiaketako sariak 19:00etan banatu ondoren, Francisco Gonzalez Torres Quevedo ingeniari, asmatzaile eta matematikariaren lanaz ariko da Igartzan
Urtarrila matematikari eskainiko diote bederatzigarrenez Beasainen, Lemniskata elkarteak antolatutako Urtarrila, matematikaren bila egitarauarekin. Bederatzigarren denboraldia izango da aurtengoa, eta ohi bezala, matematika argazki lehiaketako sariak banatuz hasiko dute jardunaldia ostiralean, 19:00etan, Igartzako jauregian. Lemniskatatik jakinarazi dutenez, «aurten lehenengoz, partaidetza izugarria eta nazioartekoa izan dugu».
Bestalde, lehiaketara aurkeztutako argazki aukeratuekin osatutako erakusketa ere irekiko dute ostiralean bertan Igartzan; datozen asteetan, Lazkaon eta Ordizian ikusteko aukera ere izango da.
Uliako transbordadoreaz
Sariak banatu ondoren, lehenengo hitzaldia eskainiko du Francisco Gonzalezek: Leonardo Torres Quevedo ingeniari, asmatzaile eta matematikariari buruz ariko da. «Beste lan askoren artean, Torres Quevedok Donostian Uliako transbordadorea egin zuen, gaur egun Niagaran funtzionamenduan dagoenaren berdina».
Francisco Gonzalez Matematika Zientzietan Universidad de Cantabrian lizentziatua da, Matematika Historian Unibertsitate Aditua Madrilgo Complutense unibertsitatean, Matematikan doktorea Madrilgo Univer- sidad Politecnican eta Zientziaren Filosofian doktorea Madrilgo Complutense unibertsitatean. Zientziaren Historiako Irakasle Titularra da UCMko Zientzia esperimentalen, Gizarte Zientzien eta Matematikaren Didaktika Departamentuan. 1989az geroz UVMko Hezkuntza Fakultatean Irakaslegoaren Formazio Zentroan irakasten du, bertan 2001 eta 2009 bitartean idazkari akademikoa izanez.
2009an Madrilgo Universidad Complutenseren domina jaso zuen, eta 2016an Erresuma Batuko Royal Institute of Navigation erakundearen Mybourn Prize saria, nabigazioaren historiaz hitzaldirik hoberenagatik (Edinburgoko Dukearen eskutik jasoa).2018an Untzi ligetako Espainiar Federazioko Puntu Kardinaletako Domina ere jaso du.
EGITARAUA
Hitzaldiak
· Urtarrilak 10. Francisco Gonzalezen Leonardo Torres Quevedo: ingeniaria, asmatzailea eta matematikoa. Gazteleraz.
· Urtarrilak 17. Daniel Ezeizabarrenaren Talbot efektua. Argi ibili!. Euskaraz.
· Urtarrilak 24. Encarnacion Reyesen Begirada matematikoak zure ingurunera: artea, natura eta matematika. Gazteleraz.
· Urtarrilak 31. Usue Moriren Datuak, gaur egungo urre eta harribitxiak. EuskarazArgazki erakusketa
· Beasainen. Urtarrilaren 10etik 19ra, Igartzako jauregian.
· Lazkaon. Urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra, Lazkaoko kultur etxean.
· Ordizian. Otsailaren 19tik 29ra, Barrenan.