Santa Lutzi eguneko argazkilaria
Guillermo Murciego argazkilari urretxuarrak Santa Lutzi eguneko argazki rallya irabazi du bigarrengoz. 2017an ere lehen saria irabazi zuen eta 2016an, berriz, bigarrena.
Santa Lutzi eguna ganadua eta baserriko produktuak erosteko egun aproposa da, baina baita argazkiak ateratzeko ere. Hala, Argazkia elkarteak rallya antolatzen du urtero. Azken edizioa Guillermo Murciego urretxuarrak irabazi du. 2017an ere bera nagusitu zen. 2016an, berriz, bigarren saria lortu zuen.
Murciego Argazkia elkarteko kidea da. Santa Lutzi egunekoa rally berezia dela uste du. «Urtero parte hartzen dut, rallya antolatzen duen elkarteko kidea bainaiz. Elkarteko ia guztiok parte hartzen dugu. Santa Lutzi eguneko feria oso berezia da urretxuar eta zumarragar guztiontzat eta, beraz, rallya oso berezia da herriko argazkilariontzat. Dena den, hemendik kanpo ere oso maitea da. Urtero 40-50 lagunek parte hartzen dute. Gipuzkoa eta Bizkaiko herri askotako argazkilariak etortzen dira», aipatu du Urretxuko argazkilariak.
Lan zaila
Argazki politak atera daitezke, baina ez da erraza horrenbeste jende artean mugitzea. «Argazki asko atera daitezke, baina jende artean lan egitea ez da batere erosoa. Hori dela eta, egun horretan ez dut tripoderik erabiltzen».
Sei argazki aurkeztu behar dira: gai bakoitzeko bat. Azken ediziokoak honakoak izan dira: ganadua, bertako produktuak edota artisautza, arkitektura, ura, ingurumena eta gai librea.
Murciegok zuri-beltzezko argazkiak aurkeztu zituen: zaldi baten begia, kiwi saski bat, mertzedariatarren komentuko hiru leiho, kristalean ur tantak zituen erloju bat, zigarro punta batzuk eta erabilitako mukizapi bat eta akordeoi bat. «Urarekin eta ingurumenarekin lotutako argazkiak lortzea dezente kosta zitzaidan. Egun arraroa izan zen, argazki batzuk feriatik kanpo atera bainituen».
Bigarren saria Mikel Bravo legazpiarrak lortu du eta hirugarrena Juan Ramon Llavori zumaiarrak. Herriko argazkilari batek egindako bilduma onenaren saria Iker Gutierrez zumarragarrak eskuratu du.
Haurrei dagokienez, lehen saria Xabat Laiglesiak eskuratu du, bigarrena Peru Lizarraldek eta hirugarrena Unai Azarolak. Hiru gaztetxo horiek Urretxu eta Zumarragakoak dira.