Helburua: Azkena Rock jaialdian jotzea
John Dealer & The Coconuts legazpiarrak Rock Party lehiaketan parte hartzen ari dira. Saria Gasteizko kontzertuetan jotzea da. Jarraitzaileen botoak behar dituzte
Hauteskundeak izango balira bezala, botoak eskatzeko kanpaina abiatu dute Legazpiko John Dealer & The Coconuts musika taldeko kideek. Noel Calvok, Iñigo Caballerok, Iñaki Ormazabalek eta Andoni Domingezek ez dute, ordea, aginte tronurik edo makilarik jomugatzat, musikarientzako helburu erakargarriagoa baizik: Gasteizko Azkena Rock jaialdi entzutetsuan jotzea. Horixe da Rock Party lehiaketaren irabazleek jasoko duten saria.
Legazpiko musikariek abenduan eman zuten izena Rock Party lehiaketaren bigarren edizioan parte hartzeko; lehiaketa «rock eszenan toki bat egiteko borrokan ari diren taldeei» zuzenduta dago, eta legazpiarrek borroka horretan kokatzen dute euren burua. Lehiaketarako izendatu dituzten sei egoitzetatik Gasteizkoa aukeratu Madril, Bartzelona, Valentzia, Vigo eta Sevilla dira besteak eta We will meet together in hell (Infernuan elkartuko gara) diskoko Another time (Please go) abestia aurkeztu zuten. Abenduaren 20tik hona, 1.200dik gora boto jaso ditu dagoeneko haren bideoak, eta partaide guztien artean lehen postuan dago.
Internet bidezko botoa
Izan ere, Rock Party lehiaketaren lehen fasean internet bidezko botoek erabakiko dute epaimahai profesional batekin batera zein talde igaroko den hu- rrengo aldira. Aipatu sei egoitza horietako bakoitzean hiru talde aukeratuko dituzte, eta Gasteizkoen kasuan, Helldorado areto mitikoan joko dute martxoaren 7an. Irabazleak, apirilaren 3an eta 4an Madrilgo El Sol aretoan jokatuko diren bi finaletako batean jotzeko txartela eskuratuko du, eta bi saio horietatik irabazle suertatzen diren bi taldeek, ekainaren 19an eta 20an ospatuko den Azken Rock Jaialdian joko dute, Gasteizen, besteak beste Patti Smith, John Fogerty, Suzi Quatro, Social Distortion, L7 edo Fu Manchu taldeekin batera.
«Sari potoloa» dela dio Legazpiko taldeko Noel Calvo musikariak, «mundu mailan ezagunak diren bandak jotzen dutelako Azkena Rocken». Ilusio handiarekin badaude ere, irabaztea «zaila» dela onartzen du, eta momentuz lehen fasean sailkatzea dutela helburu dio, Gasteizko Helldoradon jotzea, alegia.
Horretarako, zenbat eta boto gehiago eskuratzen dituzten, hobe. Lagundu nahi dietenek badakite zer egin behar duten, Rock Party lehiaketaren webgunean sartu eta haien aldeko botoa eman. Hilaren 22ra arte hartu daiteke parte.