Argizaiola erakusketarekin hasiko dute urtea Ikatzako argazkilariek
Euskal Herriko argazki onenetakoen bilduma bihar jarriko dute ikusgai kultur etxean. Argazkilari elkartearen urteko lehen ekintza da. Zuzendaritza aldatuko dute laster
Euskal Herriko argazki onenetakoek beteko dituzte bihartik urtarrilaren 31ra arte Legazpiko kultur etxeko erakusketa aretoko paretak. Ikatza argazkilari elkarteak antolatuta, Argizaiola erakusketa jarriko dute ikusgai. Bertan, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak antolatutako lehiaketan saritutako argazkiak ikusi ahal izango dira, baita lehiaketa horretara aurkeztutako lanen hautaketa bat ere. Tartean izango dira Ikatza elkarteko hainbat kideren argazkiak.
Federazioak babestutako lehiaketaren batean irabazitako argazkilarien lanak dira guztiak. Izan ere, Argizaiolan parte hartzeko baldintza nagusia da hori, argazkilaria lehiaketa horietakoren batean saritua izatea; Lehiaketen lehiaketa deitzen diote horregatik.
Argizaiolaren 2019ko edizioko erakusketa ibiltariak Bilbon hasi zuen bere ibilbidea, eta herriz herri ibiliko da datozen hilabeteetan. Legazpin bihartik hilaren 31ra arte egongo da irekita, Kultur Etxeko erakusketa aretoan, astelehenetik ostiralera 17:30etatik 20:30etara.
Ikatzako kideen lanak
Hirurogei lanek osatzen dute kultur etxeko erakusketa, eta denetik dago horien artean: paisaiak, erretratoak, argazkigintza kreatiboa, zuri-beltzezkoak, koloretakoak, urbanoak… Guztien artean, hiru nabarmentzen dira: azken Argi- zaiola irabazi duen Aitor Aranaren argazkia da bat, Ametsetan; eta akzesita jaso duten Oskar Gaskonen Comunidad de vecinos eta Andres Indurainen Caballo mirando dira beste biak.
Ikatza elkarteko argazkilarien lanak ere ikus daitezke erakusketa honetan: Miguel Angel Perez Herreroren S/t, Iosu Garairen Zamaketa, Pablo Perez Herreroren Playing eta Xabier Motaren Askatasuna.
Zuzendaritza talde berria
Argizaiola erakusketarekin hasi du urtea Ikatzak. Aurtengoa ere, aurrekoak bezala, ekintzaz beteta etorriko da. Laster, otsailaren hasieran, urteko batzarra egingo dute, eta besteak beste, zuzendaritza talde berria aukeratuko dute, tartean lehendakaria; Gorka Gomez gaztea da 2017tik Ikatzako lehendakaria.
Gero, elkarteak urtero antolatzen dituen beste ekintzak joango dira gauzatzen: hastapeneko argazkigintza ikastaroa, ikastaro sakonagoak, Espainia mailako Legazpi Hiria lehiaketa, Uztaila Kulturaleko ikus-entzunezkoen Azokako emanaldiak, beste hainbat proiekzio, iraileko argazki rallya… Hori guztia antolatzeko, borondatezko lana egiten dute Ikatzako bazkideek; trukean, argazkigintzan trebatzen jarraitzen dute, elkarrekin gauza berriak ikasten eta konpartitzen. Gaur 70 bazkide dira, baina kultur etxean duten lokalak kide berrientzako ateak irekita ditu beti.