Mirandaola Burdinolak Historical Landmark identifikazioa du gaurtik
ASM International, Ameriketako Metalaren Elkarteak eman zion aipamena iaz, eta gau dagokion identifikazioa entregatzeko ekitaldia egin dute burdinolan bertan. Elkarteko ordezkariez gain, hainbat agintari izan dira Mirandaolan, tartean Urkullu lehendakaria eta Olano diputatu nagusia.
Eiffel dorrea edo New Yorkeko Askatasunaren Estatua bezala, burdinaren alorrean mundu mailako erreferentzia historiko bat dela dioen plaka jarrita dago gaurtik Legazpiko Mirandaola burdinolan. Iaz aitortu zion izaera hori Historical Landmark aipamenarekin Ameriketako Estatu Batuetan egoitza duen ASM International erakunde entzutetsuak –American Society for Metals, Ameriketako Metalaren Elkartea– eta gaur egin dute dagokion identifikazioa entregatzeko ekitaldia burdinolan, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Sailburua, Markel Olano Diputatu Nagusia, ASM-ko Rafael Colas eta Pierre Dupont, Koldobike Olabide alkatea, Lenbur Fundazioko Luis Chillida eta Juan Etxeberria eta Olagizon Nagusia bertan zirela.
Aurreskua dantzatu diete ekitaldia hasteko Legazpiko dantzariek, eta plaka berriaren ondoan familia argazkia atera ondoren, Mirandaolan garai batean burdina nola lantzen zuten ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek, olagizon batek emandako azalpenekin lehenik eta ola martxan jarrita gero. Burdinolaren ondoan dagoen eliza bisitatzeko aukera ere izan dute, eta han Mirandaolan gertatu zen mirariaren berri jaso dute.