Burdinaren alorreko erreferentzia historiko bihurtu da Mirandaola
ASM International elkarteak iaz emandako Historical Landmark aipamena jaso du burdinolak. Burdinak euskal gizartean duen garrantziari aitortza egin diote

Burdinaren alorrean mundu mailako erreferentzia historikoetako bat da Mirandaola burdinola, iaz Ameriketako Estatu Batuetan egoitza duen ASM International erakunde entzute- tsuak American Society for Metals, Ameriketako Metalaren Elkartea Historical Landmark aipamenarekin aitortza egin zionetik. Atzo, identifikazio hori emateko ekitaldia egin zuten Mirandaolan, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Sailburua, Markel Olano Diputatu Nagusia, ASM-ko Rafael Colas eta Pierre Dupont, Koldobike Olabide alkatea, Lenbur Fundazioko Luis Chillida eta Juan Etxeberria eta Olagizon Nagusia bertan zirela.
Mirandaola Historical Landmark bat dela dioen plakaren ondoan ateratako argazki ofizialarekin hasi zen ekitaldia. Ondoren, agintari, teknikari eta gainerako gonbidatu guztiak burdinolara sartu eta han, aipamen berezi horren merezidun izateko arrazoiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, olagizon batek emandako azalpenekin lehenik eta burdinola bera martxan jarri zutenean ondoren.
Gurasoak gogoan
Koldobike Olabide alkateak egin zituen anfitrioi lanak ekitaldi osoan zehar, eta anfitrioi bikoitza izan zen gainera, Legazpiko alkate bezala batetik, eta olaren ondoan dagoen Mirandaola baserriko alaba bezala bestetik. Horregatik, burdinola eta ondoko eliza zaintzeaz urteetan arduratu ziren gurasoak gogoratu zituen bere hizketaldian, eta ASMren aitortza hein batean haientzako eta Legazpin dagoen «altxor handi hau» mantentzen lagundu duten guztientzako ere badela esan zuen. Halaber, Mirandaolak Historical Landmark aitortza «Burdin Haranari lana eta sostengu ekonomikoa emateagatik, eta Legazpiko eta Euskal Herriko ekonomian motore izateagatik» jaso duela azpimarratu zuen.
Juan Etxeberria Lenbur Fundazioko kideak, bestetik, «ondo egindako, motibatutako eta konpartitutako lanarekin» lotu zuen Mirandaola, bere aitona Patricio Etxeberriaren lantegian egindako Bellota erremintak, aitonaren eta amonaren motibazioak eta industrializazioak langileei eta familiei eskaini zizkien aukerak gogoratuz. Saria «leku bati bakarrik ez, egiteko modu bati eta izateko modu bati» eman diotela ere aipatu zuen, eta eskerrak eman zizkien hori eraiki duten guztiei.
Eiffel dorrearen pare
Mirandaolari Historical Landmark aitortza eman dion ASM International erakundeko ordezkariak ere izan ziren ekitaldian, Pierre Dupont presidente ohia tartean. Aitortza horien helburua «burdinarekin zerikusia duen ondarea babestea» dela azaldu zuen Dupontek, eta 1969an ezarri zituztenetik, 50 eman dituztela dagoeneko, horietatik azkena Mirandaolari. Estatu Batuetan, Brasilen, Canadan, Finlandian, Frantzian, Suedian, Japonian, Indian… daude gainerakoak, Eiffel dorrea edo New Yorkeko Askatasunaren Estatua horien artean.
Urkullu lehendakariak itxi zuen ekitaldia, eta euskal gizartean burdinak duen garrantzia izan zuen hizpide, «gure izaera burdinari lotuta dago». ASM-rena, burdinaren kultura eta gure ondare historiko eta kulturala balioan jartzeko eta zabaltzeko etengabeko konpromisoa saritzeko nazioarteko aitortza dela aipatu zuen.
Amaitzeko, burdinolaren ondoko elizara egin zuten bisita guztiek, eta han, Fernando Altolagirre parrokoak Mirandaolako mirariaren berri eman zien.