Ataunek hauspotuta, Arratibel aurrera
Emakumeen Binakako Master Cup pilota txapelketak hasiera borobila izan du. Ataungo Auzoeta kiroldegiko frontoia bete egin zen, larunbatean. 150 ikuslek jarraitu eta babestu zuten emakumeen kirola indartzeko eginahalean ari den lehiaketaren lehen aurre-kanporaketa. Arantxa Arratibel ataundarra zen jokoan, Aisha Etxeberria amezketarrarekin. Ikusmin handia piztu zuen partida hark, eta 18 eta 13 irabazi zieten Udane Bergara eta Alaia Ruiz de Infante altsasuarrari eta gasteiztarrari. Kanporaketa gainditu dute, beraz. Bestetik, pilota mistoarekin partida bat jokatu zuten, lehen aldiz. Gentzane Aldaik eta Olatz Arrizabalagak 18-4 irabazi zieten Uxue Oses eta Madalen Etxegarai oñatiarrei.













