Mus txapelketako kanporaketak hasi dira berotzen
Idiazabalen jokatu dute Goierri mailako aurreneko kanporaketa; Julen Elorza eta Javi Perez sailkatu dira. Bihar Legazpin, ostiralean Ataunen eta Mutiloan, eta larunbatean Arriaranen eta Gabirian dira hurrengo saioak.
Idiazabal estreinatu da Euskal Herriko Mus Txapelketan, eta Axari elkartean jokatu da asteburuan Goierriko lehen kanporaketa. Julen Elorza eta Javi Perez izan dira irabazleak eta Gipuzkoako kanporaketarako sailkatu direnak. Sailkapenaz gain, txuleta bana ere jaso dute opari. Bigarrenak Javier Aranburu eta Gurutz Lasa Kuki gelditu dira, eta gazta bana jaso dute. Sariak Kimu Kultur Elkarteak eskainitakoak izan dira. Guztira, sei bikotek parte hartu dute Idiazabalgo kanporaketan.
Datozen egunetan beste hainbat kanporaketa jokatuko dituzte Goierrin, biharko Karibe Zaharra tabernakoarekin hasita. Legazpiko hitzordua 21:30ean da, baina izen ematea ordu erdi lehenago irekiko dute.
Hurrengo egunean, ostiralean, Ataunen jokatuko da kanporaketa, 21:00etan hasita hemen ere, Pelotazale elkartean. Egun berean Mutiloan ere izango da musean lehiatzeko aukera. Mutiloarrek 21:15ean dute hitzordua, Txerri Gorri elkartean. Larunbatean, urtarrilak 25, Beasaingo Arriaran auzoko kanporaketaren txanda izango da, 16:30ean, Intxaurpe elkartean. Ordu erdi geroago, 17:00etan, Gabirian hasiko da jokoa, Ostatuan. Hurrengo astean, hilaren 31n, ostirala, Zaldibiako Joxepane ostatuan jokatuko da, 22:00etan hasita.