Zortea eta konfidantza, musean ezinbestekoak
Legazpiko Karibe Zaharreko kanporaketan hasiko dute Joseba Telleriak eta Joseba Gabilondok XII. Euskal Herriko Mus Txapelketa irabazteko lasterketa. Aurreko bi urteetan bigarren geratu dira, eta aurten txapela ekarriko dutela diote.
Karta sortak, tapizak, tantoak… de-na prest dago Legazpiko Karibe Zaharra tabernan bi- har Euskal Herriko Mus Txapelketaren kanporaketa jokatzeko, baita apal berezi bat ere barrako atzeko paretan, txapelketako irabazleen garaikurrak eta txapelak jartzeko. Orain, iazko edizioan eta aurrekoan bigarren geratu ziren Joseba Telleriak eta Joseba Gabilondok irabazitakoak daude; aurten ere parte hartuko du bikote honek, eta txapela ekarriko dutela diote.
Lehenengo partidak bihar jokatuko dituzte, 21:00etatik aurrera, mus txapelketetan tradizio handia duen Karibe Zaharrean. Herriko mus jokalarien artean hitzorduak ikusmina sortu duela diote, eta partaide dezente espero dituzte; hala nahi ere bai, «horrela hurrengo faserako Legazpiko bi edo hiru bikote joango dira eta», dio Telleriak. Iaz bi bikote joan ziren, besteak Beñat Maiz eta Josu Dorronsoro ziren.
Bigarren fasea, Gipuzkoako kanporaketa, otsailaren 29an jokatuko da, Seguran; eta Euskal Herriko zazpi herrialdeen arteko finala martxoaren 14an, Arabako Zigoitiko Gopegin. 2.200bat bikote arituko dira lehian.
Txapeldun orde bi aldiz
Euskal Herriko Mus Txapelketak duen 12 urteko ibilbidean Telleria eta Gabilondo izan dira bigarren bi aldiz geratu diren bakarrak. Kasualitatea al da?
«Zortea» izan dutela diote bi jokalari hauek, baina musean kartekin eta aurkariekin zortea izatea edo «bihozkadei jarraitzea» oso garrantzitsua bada ere, «bikotearen konplizitatea eta konfidantza» ezinbestekoak direla aitortu dute: «Gu ondo moldatzen gara, gustura jokatzen dugu elkarrekin». Telleriak jokoan berak agintzen duela azaldu du, eta Gabilondok joko hori jarraituko duela konfidantza osoa du: «Enbido jotzen badut, eta berak bost gehiago edo zortzi gehiago jotzen badu, ni lasai asko geratzen naiz, zein karta duen jakin gabe ere badakit ez didala aldrebeskeriarik egingo».
«Lasaitasuna» da beste gakoetako bat, baita pazientzia ere, mahaian eserita egoten jakitea. «Txapelketa hau oso luzea da, batez ere final eguna. Goizeko 9etan hasi eta finalera iristen bazara iluntzeko 8etan bukatzen duzu, eta partidak bata bestearekin atzetik dira. Hainbeste ordu eta gero burua musarekin asetuta daukazu, eta horrek ez du erabakiak hartzen laguntzen, ezta finala gertu ikustean izaten duzun urduritasunak ere».
«Aurkaria ezagutzea» ere garrantzitsua dela diote Telleriak eta Gabilondok, batez ere lehen minutuetako jokaldietan. «Psikologia piska bat» izatea ezinbestekoa da.
Txapelketa honetan lau erregetara jokatzeak ere badu zerikusia bi muslari hauen emaitza onekin. Legazpi inguruan zortzi erregetara jokatzeko ohitura dago, baina Gabilondorentzat lau erregeak «erakargarriagoak dira, nahiz eta karta gutxiago izatean sorpresa gutxiagorako aukera egon». Baina karta gutxiago izate horrek «gehiago jokatzeko aukera» ematen du.
Bikote hau berezia da, bakoitza bere aldetik ibili delako musean duela gutxira arte; txapelketa honetan jokatzeko elkartu ziren lehen aldiz, eta txapelketa honetan bakarrik jokatzen dute elkarrekin. Gabilondok, gainera, urtean zehar gutxitan jokatzen duela dio. Telleria, berriz, gehiagotan aritu da eta Karibe Zaharreko txapelketan txapela behin baino gehiagotan jantzitakoa da.
Karibera joan nahi dute
Mus txapelketa handi honen lehen saria ere handia da, eta horren atzetik dabiltza Telleria eta Gabilondo. Azpitxapeldun geratu ziren lehen aldian bi lagunentzako bidaia irabazi zuten Kanariar irletara, gehi 1.500 euroko diru saria; bidaia aldatu eta beste toki batera joan ziren biak, emazteek lagunduta. Iaz, bigarren geratu ziren bigarren aldian, saria bi lagunentzako Kariberako bidaia zen eta 1.500 euro; orduan Telleria eta emaztea bakarrik joan ziren Karibera, Gabilondo eta emazteak beste toki bat aureratu zuten. Aurten, lehen saria irabazi eta laurek joan nahi dute Karibera.
Txapelketaren azken bi edizioetan geratu dira lehen sariaren atarian, eta aurretik jokatu zuten beste batean azken fasera iristea ere lortu zuten, 8. eta 16. arteko posturen batean geratuta. Txapeldun titulua besterik ez zaie falta. «Azken errematea» eman nahi diote, eta Telleriak lortuko dutela dio, «nik dudan harrotasunagatik eta burugogorkeriagatik».
Horretarako, ordea, bide luzea egin beharko dute eta finalera iritsi eta irabazteko kanporaketa eta fase guztiak gainditu. Esperientzia euren alde dute, baita gogoa eta motibazioa ere.