Extremadurako zaporedun igandea Legazpin
La Bellota extremadurar zentroak antolatuta, txerri hilketaren ondorengo festa egin dute gaur eguerdian Legazpiko Azokan. Herrialde horretako jakiak eta ardoak dastatzeko aukera izan da, eta Sones de Extremadura abesbatzak girotu du festa.
Azken 18 urteetako ohiturari jarraituz, Legazpiko La Bellota extremadurar elkarteak txerri hilketaren ondorengo festa ospatu du Azokan gaur eguerdian. Herrialde horretako jakiak eta ardoak izan dira festaren ardatz nagusiak, baita hango musika ere, La Bellota zentroko Sones de Extremadura abesbatzak egin duen emanaldiarekin.
La Bellotako lehendakari Ana Sanchezek azaldu duenez, “gure herrialdean egiten zen txerri hilketaren festa ospatuz, legazpiar guztiei helarazi nahi diegu gure ohituren berri”. Hasieran, txerria hil ere egiten zuten, eta elkarteak San Inazio auzoan duen egoitzatik gertu suan erretzen zuten animalia, gero zatitu eta txorizoak, odolkiak eta beste prestatuz. Gaur, “osasun eskakizunak direla eta, ezin dugu txerria guk hil eta hilda erosten dugu”; ondorengo lan guztiak lehen bezala egiten dituzte. “Egun askoko lana da, Azokara dena prestatuta ekartzen dugu, baina aurretik lan handia dago txerria haragia zatitzen, txorizoak eta odolkiak egiteko kipula eta baratzuria txikitzen, ogi-mamia papurtzen…”
Ogi-mamiak dira, hain zuzen, Extremadurako jaki tipikoetako bat eta Legazpiko txerri hilketaren festan ezinbestekoak gainera, bai Caceres erakoak bai Badajoz erakoak. Horiek dastatzeko aukera izan da gaur, baita txorizoa, hirugiharra eta haragia ere, guztia ardo beltzez edo zuriz lagunduta. Txorizoa nola prestatzen duten ere erakutsi dute elkarteko kideek.
Aurtengo txerri hilketaren festarekin urte bereziari eman dio hasiera La Bellotak, extremadurar zentro honek 25 urte betetzen baititu. “Oraindik ez dugu zehaztu nola ospatuko dugun, baina seguru aski urrian egingo dugun kultur astean izango dira ekitaldi nagusiak”, aurreratu du Ana Sanchezek.












