Aralarko pisten harira auzipetutako lau hautetsik gaur deklaratu dute Tolosako epaitegian
Hamabost ordezkari politiko eta teknikok deklaratuko dute aste honetan eta hurrengoan Tolosako epaitegian, ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak eta prebarikazioa egotzita.

Gaur hasi da Tolosako epaitegian Enirio eta Igaratza lotzen dituen mendi pista egitearen aldeko bozka eman zuten Enirio-Aralar mankomunitate zazpi ordezkari eta ordezkari ohiren –Abaltzisketa, Altzaga, Amezketa, Arama, Beasain, Lazkao eta Ordizia–, eta Mankomunitateko idazkariaren, lau teknikariren eta Foru Aldundiko politikari batzuen –guztiak batuta hamabost– aurkako deklarazio hartzea. Ez da epaiketa, auzia ikertze fasean baitago oraindik. Eguzkik eta Landarlan ingurumen elkarteek jarri zuten salaketa Fiskaltzan, eta Tolosako epaileak deklarazioa hartuko die guztiei aste honetan eta hurrengoan zehar. Gaur horietako lau hautetsik deklaratu dute.
Enirio eta Igaratza lotzen dituen 2,7 kilometroko lanak 2018ko udazkenean egin zituzten. Orain hilabete agerraldia egin zuten zazpi hautetsi eta hautetsi ohi horiek Donostian, Enirio-Igaratza arteko bidea «egokitzeko» lanak egitearen aldeko bozka «aurrez Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Plan batean oinarrituta eman» zutela esateko. Era berean, “babesgabetasuna” salatu zuen auzi honen aurrean, eta mankomunitateko egungo lehendakariari eskatu zioten haien defentsa juridikoaren kostua mankomunitateak ordain zezala. Egun berean, Landarlanek ohar bidez gogorarazi zuen “Ingurumen legediaren aurka bozkatzeagatik” daudela auzipetuta.

Mankomuniteko zazpi hautetsi eta hautetsi ohik orain hilabete Donostian egin zuten agerraldia. Arg.: Rebeka Calvo/Tolosaldeko Ataria
“Lotsatuta eta amorrarazita”
Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatea izan da gaur deklaratu duenetako bat. “Lotsatuta eta amorrarazita gaude. Zer eta penalean, izenak eta abizenak. Eta zergatik? Artzainei, ganaduzaleei, zerbait txukuntzeagatik, egokitzeagatik. Honen helburu bakar-bakarra zen gu beldurtzea. Kontzientzia lasai-lasai daukagu, eta aurrera begira ere, aukeraren bat daukagunean, berriz ere baiezkoa esan dugu”, adierazi dio Zubizarretak Euskadi Irratiari. Iturri horien arabera, lau hautetsiek behin eta berriz esan dute alde zituztela txosten juridiko guztiak.
“Aralarko legedia ezagutu behar lukete”
Eguzkik eta Landarlanek honako mezua zabaldu dute gaur prentsa ohar bidez: “Mankomunitateko ordezkari politiko auzipetuak ez dira ikertuak izaten ari, beraiek dioten bezala mendi bide bat egokitzeagatik, oinezkoentzako bidexka batean (babesturiko eremuan) ibilgailuentzako ia 4 metro zabalerako pista bat egiteagatik baizik. Udaletako zeinaldundiko ordezkariek ongi ezagutu beharko lukete Aralarko legedia, eta ulerkaitza eta seriotasun gutxikoa dela iruditzen zaigu jada auzi bat abian izanik bigarren pista bat eraikitzea”.
Aldundiaren babesa auzipetuei
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Imanol Lasaren ahotik, prentsa oharra kaleratu du auzipetuei babesa adierazi eta Aralarko pisten aldeko “apustua egiten” jarraitzen dutela nabarmentzeko. “Aralarreko bideak hobetzeko egitasmoaren arrazoi nagusia da bertako artzainen bizi baldintza babestu eta irisgarritasun baldintzak eguneratzea, artzaintza bera delako Aralarreko balio kultural eta naturalak babestu eta bermatzeko aktibo nagusia”