Gipuzkoako Foru Aldundiaren oharra hitzez hitz (2020-01-27)
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere babesa adierazi die Aralarreko pistengatik auzipetuei
Imanol Lasa, Ekonomia sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak bere babesa adierazi die Aralarreko pistengatik auzipetuta dauden udal ordezkari, teknikari eta Foru Aldundiko arduradun politikoei. “Proiektu honen obrak onartu zituen Foru aldundiak, mankomunitateak berak hala eskatuta, legeak ezarritako prozedurak betez”, adierazi du Lasak, eta gehitu du Aralarreko bideak hobetzeko egitasmoaren arrazoi nagusia bertako artzainen bizi baldintzak babestu eta irisgarritasun baldintzak eguneratzea dela, “artzaintza bera delako Aralarreko balio kultural eta naturalak babestu eta bermatzeko aktibo nagusia”.
Foru diputatuak azaldu duenez administrazio eta ingurugiro ikuspegitik berme guztiak bete dira eta Aralarren, bertako balio naturalen eta bertako artzainen mesedetan egin da lan. “Parke Naturala eta Natura 2000 Sareko eremu batez ari gara eta lan horiekin, artzaintza bultzatuz, balio natural horiek bermatu nahi dira etorkizunera begira”, azpimarratu du Ekonomia sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak. “Horregatik, gure babesa adierazi nahi diegu auzipetuei. Gipuzkoako Foru Aldundiak Aralarko pisten aldeko apustua egiten jarraitzen du; eragile nagusiekin elkarlanean, berme tekniko eta juridikoen babespean eta betiere sektorearen etorkizuna bermatzeko konpromiso irmoarekin”.
Imanol Lasaren esanetan auzi hau ez da ekologista izan edo ez izanaren kontua: “Ekologista handienak artzainak dira. Guzti hau esker abertzaleak hirietako bulegoetan hartutako erabaki bat da. Aralarreko mendiko larreak habitat baliotsu eta aberatsa dira. Natura zein kulturaren ikuspegitik zaindu beharreko altxorra. Artzaintzak mendeetan zehar moldatu eta zaindutako ingurune batez ari gara. Balio horiek babesteko eta zaintzeko, artaintzaren presentzia bermatu behar dugu etorkizunera begira ere. Eta horretarako ezinbestekoa da Aralarreko abeltzainen bizi-baldintzak eta lanerako testuingurua hobetzea”.
Lasak azaldu duenez, mendi bideak egiteak helburu garbiak ditu: “batetik, Aralarren 125 artzain eta ganaduzainen lanerako bideak egokitzea, gaur egun irismen arazao handiak dituztelako. Bestetik, mendiko larreen mantenua hobetzea, Europak babestutako habitat horren zaintza egokia eta jasangarri bermatuz eta, bide batez, medinzale eta mendiaz gozatu nahi duten gainontzeko lagunen segurtasuna hobetuz. Azken 15 urteotan apenas egin da inbertsiorik Aralarren eta artzainek ere merezi dute beren aldarrikapenak entzun eta haien bizi eta lan-baldintzak bultzatzea. Hori egiteak, gainera, babestutako habitat baliotsu horien kudeaketa eraginkorragoa ekarriko du”, amaitu du esanez Imanol Lasa foru diputatuak.