Arrain txikiek arrain handia jan dute Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako manifestazioan
Goierri beheko manisfestazioa jendetsua izan da, eta Ordiziako plaza mukuru bete da. "Duintasun lezio bat ematera atera gara", aldarrikatu dute antolatzaileek.
Euria baino arazo larriagoa ditu jendeak: funtsean, bizi maila eskasa duela. Horregatik, jendetza irten da Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko manifestaziora. Hiru herri, hiru adar, hiru aldarri. Beasaingo adarrak bizitza eta zaintza lan duinak aldarrikatu ditu, Lazkaokoak lan baldintza duinak, eta Ordiziakoak merezimenduzko pentsioak. Hiru adarrek bat egin dute Lazkaibarko bidegurutzean, eta elkarrekin egin dituzte manifestazioko azken metroak.
Ordiziako plazan izan da amaiera ekitaldia, eta txiki gelditu da. Bertan, goizean zehar egindako murala gorpuztu dute: ihesi zebiltzan arrain txikiak ordenatu eta arrain handiari begira jarri dituzte. “Elkartu eta borrokatu. Esaten den bezala, ‘amuarrainek bi begi, sei ezkailuk hamabi”, azpimarratu dute antolatzaileek. Taula gainera mugimendu feministako, pentsionistetako, gazte mugimenduko eta zaintza lanetako ordezkari bana igo da.
Labur, beraien egoeraren berri eman dute eta agintariei dei egin die neurriak har ditzatela krisiarekin galdutako bizi maila berreskuratzeko. “Gure izarditik bizi direnei, gure miseriatik bizi direnei, geroz eta behartsuago, zapalduago eta isilduago nahi gaituztenei ezetz esatera atera gara”, aldarrikatu dute. “Ozen esaten diegu diruaren gainetik zaintza lanak, harremanak eta gizatasuna erdigunean jarri nahi ditugu”, gaineratu dute. “Emakumeok, gizonok, langileok, etxeko andreok, gazteok, etorkinok, zaintzaileok, pentsiodunok, langabetuok, enplegu prekarioa dugunok, etxegabeok, behartsuok… duintasun lezio bat ematen ari gara”. Hitzaldi bakoitzari txalo zaparrada batekin erantzun diete bertaratutakoek. “Borroka da bide bakarra” oihukatuz itxi dute ekitaldia.
Protesta oihuen artean zanpantzar, batukada eta txalaparta doinuak ere nahastu dira. Era berean, Internazionala eta Zutik Emakumea abestiak ere kantatu dituzte.