Grebak erabat geldiarazi du Goierriko industria
Greba orokorrak jarraipen zabala izan du industria arloan. Goierriko lantegi nagusietan ez ezik, fabrika eta tailer txiki gehienak ere itxita zeuden gaur goizean.
Eguna argitu aurretik abiatu dira piketeak. Goierriko industria arloan jarraipen zabala izan du grebak, baina horrelakoetan ohikoa denez, erronda egin dute goizean goiz sindikatuetako kideek. CAF, Indar, Irizar, Ampo edota Orkli bezalako lantegi handietan greba egitearen alde agertu dira langileak, eta hala egin dute gehienek. CAFen eta Indarren, piketeak jarri dituzte. Goierriko industrialde eta tailer txikietan ere, ia erabatekoa izan da grebaren oihartzuna, eta piketeak pasatzerako ere, itxita zeuden gehienak.
Industrian ez ezik, kalean ere ari dira piketeak ordu honetan, denda, taberna eta bestelako zerbitzu arloko enpresak greba egitera bultzatzeko. Goizeko lehen orduan, hala ere, itxita ageri ziren komertzio gehienak.
Eguerdian Donostiara joango dira Goierritik, bertan egingo den manifestazioan parte hartzera. Arratsaldean berriz, Goierri mailako mobilizazioak izango dituzte. 18:00etan manifestazioa egingo dute; zutabe bana aterako da Beasaindik, Ordiziatik eta Lazkaotik, eta Lazkaibarren elkartuko dira. Legazpin ere 18:00etan deituta dago manifestazioa, eta Urretxu-Zumarragan 19:00etan. Gainontzeko herrietan ere, izango da bestelako ekitaldirik arratsaldean zehar.