Taloak egiten ikasteko aukera izango da biharko Beasaingo azokan
Ohiko postuez gain, aurreko hilabetean bezala fruta saltzen duen postu bat eta artisautza produktuak saltzen dituzten postuak ere izango dira 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Bihar, 10:00etatik 14:00etara bitartean, egingo da larunbateko azoka berezia, Loinazko San Martin plaza azpian. Dagoeneko hiru urte bete dituen azoka da.
Ohiko postuez gain, aurreko hilabetean bezala fruta saltzen duen postu bat eta artisautza produktuak saltzen dituzten postuak ere izango dira. Beraz, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera izango dute: eztia, negu parteko barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, gazta, eta frutak.
Artisautza produktuak saltzen dituzten postuetan egurrezko jostailuak, buruhandiekin zerikusia duten produktuak, sutan esmaltatuko bitxiak eta osagarri pertsonalak izango dira salgai.
Bestalde, azokan erositako produktu horietako batzuk erabilita sukaldatu daitezkeen zenbait errezeta jasotzen dituen liburuxka eta erosketetarako poltsa ere banatuko dira azokako erosleen artean.
Tailerraren atalean Kutxa Ekogunekoek 11:30ean artoaren nondik norakoak ezagutu, artoa aletu, ehotu eta taloa egiten irakatsiko dute. Norberak bere taloa eramango du etxera.
Egitaraua
- 10:00. Bertako produktuen azokaren hasiera
- 11:30 Taloa egiteko tailerra Kutxa Ekogunearen eskutik. Artoa Euskal Herriko baserrietan oso produktu garrantzitsua izan da. Tailer honetan, artoaren nondik norakoak ezagutu, artoa aletu, eho eta taloa egingo dugu. Norberak bere taloa eramango du etxera.
- 12:00. Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero joleek kaleak eta azoka girotuko dituzte
- 13:30. Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean
- 14:00. Bertako produktuen azokaren amaiera.