Beasain-Bergara autobideko bidesariaren aurreproiektuak ezinegona sortu du Goierrin
Beasain eta Bergara arteko autobidea ordainpekoa izateko asmoa azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erabakiak haserrea piztu du herritarren artean. Urretxu-Zumarragan plataforma sortu dute, eta Interneten 6.000 sinadura bildu dituzte dagoeneko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 errepidean (Beasain-Bergara) bidesaria jartzeko asmoa du eta horrek haserrea piztu du bizilagunen artean. Hala, bidesariaren aurkako taldea sortu da eta bidesariaren aurkako sinadura bilketa abian jarri da change.org webgunean. Dagoeneko ia 6.000 sinadura lortu dituzte.
Aldundiak onartu duen arau aurreproiektuaren arabera, ibilgailu guztiek (motozikletek izan ezik) bidesaria ordaindu beharko dute. Bidesaria 2021eko abenduaren 31 baino lehen jarriko da, Batzar Nagusiek onartzen badute. N-1 eta A-15 errepideetan bezala, arkuak jarriko dira eta gidariek ez dute gelditu beharrik izango. Hiru zati egongo dira: Beasain-Ormaiztegi (2,8 kilometro), Alegia-Zumarraga (5,4) eta Urretxu-Bergara (7,3).
Lehenengoaren prezioa 0,38 eurokoa izango da autoentzat, 0,61 eurokoa 3,5 eta 12 tona bitarteko kamioientzat eta 0,78 eurokoa 12 tona baino gehiagoko kamioientzat. Bigarren zatiko prezioak 0,74; 1,18 eta 1,50 euro izango dira eta hirugarren zatikoak 1,41; 2,32 eta 2,87 euro. Beherapenak egongo direla aurrearatu dute.
Albisteak haserrea piztu du Urretxun eta Zumarragan. Izan ere, Urretxutik Bergarara joateko bidesaria ordaindu beharko zela gauza jakina zen, baina Beasainera joateko bidesaria ordaindu beharrak herritarrak ezustean harrapatu ditu. Sare sozialetan errepide zaharrak erabiltzea proposatu dute, baina Santa Lutziko eta Ormaiztegiko bizilagunei kalte handia eragingo lieke. Bestalde, Deskargako erreil batean bidegorria egiten ari dira. Honela, Herritar talde batek bidesariaren aurkako plataforma sortu du. Lehen bilera ostiralean egin zuten, Areizaga-Kalebarren plazan. Datorren ostiralean berriro bilduko dira, 19:00etan, toki berean. Lehen bileran 30 lagun inguruk parte hartu zuten. Edu Reguero kezkatuta ageri zen. «Bidesariak ez du zentzu handirik. Toki guztietan bidesariak kentzen ari dira eta hemen, berriz, jarri egin behar dute».
Astean bitan hartzen du autoa, gutxi gorabehera. «Batzuetan Ordiziara joan behar izaten naiz lan kontuengatik, familia Arrasaten dut… Durangon edo Zornotzan bezala geldituko gara: ordaindu edo errepide txar bat erabili. Gure kezka helarazi behar diegu agintariei». Jokine Lizarraldek gehiago erabiltzen du autoa. «Enpresak agintzen didan tokietan eskolak ematen ditut eta bi aldeetara joatea tokatzen zait: Beasainera eta Arrasatera. Orain arte obrak jasan behar izan ditugu eta obrak amaitu bezain laster ordaintzea nahi dute. Plataforman 30 lagun inguru elkartu gara eta gure esku dagoen guztia egingo dugu».