«Etxeetako argazki zaharrak ere artxiboan bildu beharra daude»
Urteak daramatza Teodoro Saez de Urabain Albizuk (Araia, Araba, 1940) argazki zaharrak biltzen. Ehunka ditu, Lazkaokoak eta Goierrikoak. Jendeak etxeetakoak utz diezazkioke.
Abizena arabarra duzu, inondik ere.
Bai, dudarik gabekoa. Araian jaioa naiz, 1940an. Hiru hilabeterekin ekarri ninduten Lazkaora. Aita arotza zen, eta lana hemengo zerrategi batean aurkitu zuen. Gero CAFen sartu zen.
Argazkizale izateaz gain, zuk zertan egin duzu lan?
Lehenengo CAFen, enplegatu bezala. Gero, Donostiako Aurrezki Kutxan, munizipalean. 20 urte orain egin ditut jubilatuta.
Argazkiekiko zaletasuna nondik datorkizu?
Afizioa betidanik izan dut. Ezkonduz geroztik, oporretan-eta beti makinarekin ibiltzen nintzen. Bidean geratzen ginen, argazkiak ateratzeko. Eskaneatuta ehunka dauzkat, etxekoak eta familiakoak ere bai. Telebistan jartzen ditut orain, eta gustura egoten gara emaztea eta biok begira.
Paisaiak-eta atera izan dituzu?
Ez, artistikoak ez. Horretarako Jon Markel semea da artista; Donostian erakusketa egin zuen.
Argazki zaharrak biltzeko ohitura noiz hartu zenuen?
Ni beti aritu izan naiz argazki zaharrak biltzen. Nonbait baten bat ikusten banuen, hartu. Gero, Whatsappen talde bat sortu genuen Lazkaon, Mikel Luzuriagak bultzatuta. 40 bat lagun bageunden, eta argazkiak uzten zituen jendeak. Ni, berriz, gordetzen hasi nintzen. Azkeneko urteetan, argazkia aterata edo eskaneatuta ere jasotzen ditut.
«Lazkao Txiki zein den ez dakite batzuek.
Kulturaz jakiteko balio dute argazkiek»«Nahi nuke jendea bultzarazi edo animatu,
etxean dauzkan argazki zaharrak uzteko»
Nolako argazkiak nahi dituzu?
Denetarikoak. Normalean, kuadrillen argazkiak izaten dira ugarienak. Familietako argazkiekin, aldiz, kontuz ibili beharra dago, pribatutasunagatik, batzuei ez zaielako gustatzen agertzea.
Zenbat batu dituzu?
Hemen dauzkat apuntatuta [diru-zorrotik papertxo bat atera du]: Lazkaokoak 921, Ordiziakoak 327, Idiazabalgoak 144, Ormaiztegikoak 121, Beasaingoak 565 eta Donostiakoak 1.149. Beasaingoak Interneten mordoa daude, eta Ordiziakoak ere oso politak daude. Donostiakoa utzi egin nuen, nahikoa nuela esanda; Kutxaren Fototekan milaka daude. Lazkaoko Udaletik ere atera nituen 20 bat argazki, oso antigoalekoak.
Zaharrenak noizkoak ote dira?
Zahar-zaharrak badaude, baina askotan ez dakigu urterik. Baina 1900 ingurukoak edo XX. mende hasierakoak badaude.
Biltzen jarraituko duzu oraindik, ezta?
Bai, bai. Eta nahi nuke jendea bultzarazi edo pixka bat animatu, etxean dauzkan argazki zaharrak uzteko. Pila bat egongo dira etxeetan eta baserrietan. Jendeari esan nahi diot argazki zaharrak artxibo batean nolabait bildu behar direla. Eskaneatu eta itzuliko ditut, beti.
Sare sozialetan ateratzen dituzu Lazkaoko irudi zaharrak.
Bai, momentu honetan Lazkao Argazkietan orria daukat Facebooken; nik kudeatzen dut. Hor 900 bat argazki daude. Orain, Ez zara Lazkaokoa… orrian ere hasi naiz jartzen, banaka: egunero, bat. Urteko garaiaren arabera aukeratzen dut zer igo: San Sebastianetan danborradakoak, Eguberrietan garai hartakoak, inauterietan berdin… Lazkaoko inauterietakoak ere badauzkat, antigoalekoak. Lazkaomendikoak etortzen ziren kalera, soinujolearekin, eta hemen dantzan ibiltzen ziren.
Herriko historia biltzen ari zarela jakingo duzu ezta?
Bai. Gaika banatzen ditut argazkiak, eta horietatik zabaltzen ari naiz, pixkanaka. Zeren asko batera jartzen baditut, segituan bukatuko zaizkit! Horrela, bi urterako badauzkat. Jendeari gustatzen zaio, gainera, begiratzea. Egunean 20tik gora atsegite izaten dituzte Facebooken.
Baduzu eperen bat argazki bat zahartzat hartzeko?
Ez, denak jasotzen ditut: kuadrilletakoak, gaztetakoak, futbol taldeetakoak… Egunotan kuadrillen bideo batzuk biltzen aritu naiz, orain dela ia 40 urtekoak. Orduan ere baten batek bazeukan filmatzeko makina. Oso politak dira, hamar-bat bideo dira.
Lazkaoko taberna batzuetan badituzte hormetan argazkiak.
Estankoan, Xirimirin… badaude. Horien argazkiak aterata dauzkat, baina asko baneuzkan lehendik. Txirrindulari karreretako argazkiak ere asko dauzkat; Ricardo Monterorenak, jendea zuhaitzetan igota karrera ikusten… Oso politak.
Baduzu beste proiekturen bat argazki horiek guztiak nolabait argitaratzeko?
Momentuan ez. Nahiko nuke, baina ez dakit nola. Idiazabalen atera zuten liburu bat, baina horretarako izen den-denak ondo jakin behar dira, eta hori jada niretzako nahiko lan gogorra da! Bildu eta gorde egin nahi ditut behintzat, eta sare sozialetan jendeak ikus ditzala. Herriaren historiarako balioa badauka. Askok ez dakite Lazkao Txiki zein zen ere… A zer lazkaotarrak! Hurrengo egunean Xalbadorrekin eta Mattinekin udaletxeko balkoitik kantuan ari zen beste bat jarri nien. Ikus dezatela euskal kultura zer den.
Zer beste afizio dituzu?
Jubilatutakoan zuhaitz genealogikoarekin hasi nintzen. Zoragarria! Lan politak baditut eginak. Emaztearen abizenarekin (Iparragirre) 1500eraino iritsi nintzen. Artean digitalizatu gabe zeuden, eta Seminariora joaten ginen hiru lagun. Zenbat ordu!