Inauteriak, Santa eskea eta zuhaitz eguna
Duela 15 urte ere, Santa eskea eta inauteri kontuak izan zituen hizpide Hitzak. Idiazabalen San Blas jaiak ospatzen ari ziren, eta Urretxun Zuhaitz Eguna egin zuten.
Urtarrileko elurteen ondoren, otsailaren hasieran tregoa eman zuen eguraldiak, duela 15 urteko egunkariek jasotzen dutenez. Idiazabalen San Blas jaiak ospatzen ari ziren, eta eskertu zuten aterraldia. Migel Mari Imazek irabazi zuen txirrindulari proba herrikoia, eta herriko hainbat gazte herri kirol saioa egitekoak ziren.
Santa Ageda bezpera ere bazen, eta Goierriko kantu eskeen berri eman zuen egunkari honek, egun hartan. Ataunen, esaterako, herrian bertan jasotako kopla zaharrak kantatzeko ohitura dute. Inauteriak ere goiztiar zebiltzan 2005 hartan; ostegun gizena zen, eta ikastetxe batzuk, Santa Ageda bezparekin batera egin zuten ohiko desfilea. Gainontzekoek, biharamunean ospatu zuten. Seguran, berriz, gerra aurreko ohitura zen Hartzaren etorrera berreskuratu zuten 2003an, eta hirugarren urtez egitekoak ziren.
Ikastetxeekin jarraituz, Urretxu-Zumarraga Ikastolako eta Gainzuri ikastetxeko ikasleek, Zuhaitz Eguna egin zuten. 250 bat umek parte hartu zuten guztira, eta bidegorriaren ondoan 25 zuhaitz berri landatu zituzten.