Iparragirreren ibilbidea osatu dute elkarlanean
Iparragirre 2020 egitasmoaren barruan, haren figurari eta XIX. mendeari buruzko bisitak antolatu dituzte hainbat erakundek. Urretxuko alde zaharra, eta Igartubeiti eta Zumalakarregi museoek osatu dute ibilbidea
Urretxuko Udalak, Ezkioko Igartubeiti museo-baserriak eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak Iparragirreren Ibilbidea prestatu dute, olerkariaren jaiotzaren 200. urteurreneko programaren barne. Urretxuko alde zaharrean eta bi museoetan Iparragirreren eta XIX. mendeko bizimoduaren berri emango dute.
Ibilbidea atzo aurkeztu zuten, Urretxuko udaletxeko portaloian. Ekitaldian Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Jon Luqui alkateak, Maialen Fidalgo zinegotziak, Igartubeiti museoko Kizkitza Ugarteburuk eta Zumalakarregi museoko Mikel Alberdik hartu zuten hitza.
Urretxuko alkateak Iparragirre 2020 egitasmoaren helburuak Iparragirre hobeto ezagutzea eta ezagutzera ematea, Urretxu ezagutzera ematea eta parte hartzea eta elkarlana sustatzea direla gogoratu zuen.
Iparragirreren Ibilbidea elkarlanean egin da: Urretxun eta bi museoetan Iparragirrerekin eta XIX. mendearekin lotutako bisitak antolatu dituzte.
Urretxuko bisitak ordu beteko iraupena du eta doan da. Urretxuko erdigunera iristean erraza da denboran atzera egitea eta XIX. mendeko kaleak eta herritarrak nolakoak ziren imajinatzea. Izan ere, Urretxuk bere sorrerako morfologia mantendu du: lauki zuzena, hiru kalek zeharkatua (Goiko Kalea, Kale Txikia eta Beheko Kalea). Iparragirre Beheko Kalean jaio zen, Alzola etxean.
Urretxuko bisita egiteko bi aukera daude: bisita librea eta bisita gidatua. Librea egiteko, kultur etxean mapa eskatu behar da (edo webgunetik jaitsi) eta herriko toki ezberdinetan jarri diren QR kodeetara jo. Kamerarekin enfokatuz gero, bisitariek audioak eta argazkiak lortuko dituzte (Iparragirreren biografia, kanta batzuk…). Fidalgok Alberdiri eskerrak eman zizkion, bera arduratu baita edukiaz.
Bisita gidatuei dagokienez, martxoaren 15ean, apirilaren 26an, maiatzaren 24an eta ekainaren 14an izango dira. Bisitariak kultur etxean elkartuko dira. Bi hitzordu egongo dira: 11:00etan eta 12:30ean.
Ezkioko Igartubeiti baserriko eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko bisita gidatuek ere ordu beteko iraupena dute. Bisitariek 2,5 euro ordaindu behar dute.
Igartubeitin baserrietan nola bizi ziren erakusten dute eta Zumalakarregin XIX. mendea nolakoa izan zen. Iparragirre mende hartan bizi izan zen: Lehen Karlistadan parte hartu zuen eta bi karlistaden artean zabaldutako foru zaletasunaren ikur bihurtu zen, Gernikako Arbola kantaren eskutik. Gainera, Zumalakarregin migrazioari buruzko erakusketa prestatu dute: Iparragirre Uruguai eta Argentinan bizi izan zen.