Beasainen banatuko da Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finalerako azken txartela
Larrañaga-Rekondo eta Saralegi-Otaño nor baino nor arituko dira Antzizar kiroldegian. Emakumeen banakako txapelketa eta Urrezko Harrijasotze Txapelketa ere egongo dira.
Beasainen jokatuko da 20. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako seigarren eta azken jardunaldia, eta bertan erabakiko da nor izango den finalera sailkatuko den hirugarren bikotea. Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo aurretik daude sailkapenean hiru punturekin, baina Ruben Saralegik eta Eneko Otañok irabazten badute saioa, aukera handiak dituzte aurrera egiteko.
Bost proba dituzte aurretik, neurri eta modalitate ezberdinekoak. Lehendabizi, 45 ontzako enbor bana ebaki beharko du aizkolari bakoitzak erlojuaren kontra; ondoren, txanda librean, kana erdikoa ebaki beharko dute; hirugarren proban oinbiko enborra erdi bana moztu beharko dute; laugarrenean, aizkolari batek zutik eta jarraian besteak etzanda 45 ontzako enbor bana ebaki beharko dute; azkenik, txanda librean hau ere, kana erdiko lau enbor eta 60 ontzako bi moztu beharko dituzte. Proba guztien arteko denborak batuta azkarrena izan den bikotea izango da garailea.
Txandan txandan, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi elkarren aurka ibiliko dira Urrezko Banakako Txapelketako bosgarren jardunaldian. Astondoak hiru puntu ditu eta finalerako txartela igandean bertan erdietsi dezake. Aldiz, Ariztegi irabaztera behartuta dago aurrera egiteko aukerarik izan nahi badu.
Emakumeek proba laburragoa dute zain: erlojuaren kontra 0,86 metroko diametroa duen enbor bat ebaki beharko dute aurrena, eta amaitzeko metro beteko bi enbor buruz buru.
Eizmendi eta Peña, harrijasotzen
Urrezko Harrijasotzen Txapelketaren 5. jardunaldia ere jokatuko da igandean. Jokin Eizmendi eta Xabier Peña plazaratuko dira. 175 kiloko harri laukizuzenarekin, 150 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin bi minutuko txanda bakarra izango du bakoitzak, eta kilo gehien altxatzen duena izango da garaile.