CAFek 100 milioi eurotik gorako kontratuak lortu ditu Eskandinavian
Euromaint CAF taldeko filialak mantenu kontratua itxi du Norvegiako VY operadorearekin. Helsinkirako bost metro unitate ere egingo dituzte.
CAF taldeak 100 milioi eurotik gorako bolumena duten kontratuak lortu ditu egunotan, Eskandinaviako herrialdeetan. Batetik, Euromaint CAFen filialak, Norvegiako VY operadorearekin Bergensbanango flotaren mantenu kontratua sinatu du. Eta bestetik, Helsinkirako (Finlandia) bost metro unitate berri egiteko akordioa izenpetu dute.
Norvegiako kontratuari dagokionean, Euromaintek bederatzi urteko mantenua egingo du; lanaren zatirik handiena Bergen hirian egingo dute. Hain zuzen ere, linea horretarako mantentze-lanetarako tailer berria eraikitzen ari dira bertan. Euromaint filial suediarrak Norvegian egingo duen aurreneko lana izango da. Bergensbanan lineak Bergen eta Oslo hiriak lotzen ditu, eta Europako iparraldeko garaiera handieneko tren linea da.
Helsinkin berriz, hiriko garraio publiko sistemak kudeatzen dituen HKL enpresarekin lotu dute akordioa. CAFek egindako 20 tren ari dira hiri horretako metroan zerbitzua ematen, eta orain, beste bost unitate egingo dituzte. M300 ibilgailuen antzekoak izango dira, bakoitza launa kotxekoa, eta guztira, 90 metroko luzerarekin. Lau unitate horiek 2022rako entregatzea aurreikusten dute.
Zero isurpeneko autobusak Bartzelonarako
Eskandinaviakoak ez dira izan azken egunetan CAFek itxitako kontratu bakarrak. Izan ere, Bartzelonako TMB garraio konpainiak atzo jakinarazi zuen, Solaris CAF taldearen filiala aukeratu duela 14 autobus elektriko egiteko. Ibilgailu horiek New Urbino modelokoak izango dira, 18 metroko luzera izango dute, eta karga bizkorrekoak izango dira. 2021. urtearen hasierarako zerbitzuan izan nahi dituzte autobus berriak.