Irule, ganbarara kide berriak erakarri nahian
Urtean zehar Euskaltegiko ganbaran egindako lanen erakusketa irekiko du bihar Irule elkarteak. Eskulanak egiteko zaletasunak elkartu zituen hainbat legazpiar Iruleren babesean; orain errelebo bila dabiltza.
Lanpetuta eta pixka bat estututa dabiltza aste honetan Irule eskulan elkarteko kideak. Izan ere, herriaren aurrean urtero duten hitzordu garrantzitsuari egin behar diote aurre; bihar, urteroko erakusketa irekiko dute kultur etxean eta antolaketa lanek zalaparta eta urduritasuna eraman dute Euskaltegiaren eraikuntzako ganbaran duten egoitzara. Zer jarri ikusgai, nori eskatu, erakusketa nola atondu… gauza asko daude egiteko, baina biharko 17:30erako dena prest egongo da eta kultur etxeko erakusketa aretoak garaiz irekiko ditu ateak; hilaren 21era arte egongo dira ikusgai Iruleren lanak, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era. Eskulanen munduko azken joerari jarraiki, puntua eta joste lanak izango dira nagusi.
Dozena bat emakumek osatzen dute Irule, gehienak eskulan elkartearen hasiera-hasieratik, ia 35 urte. Eskuz lanak egiteko zaletasunak batu zituen kultur etxean, orduan makramea zegoen modan. Handik gutxira Euskaltegiko ganbarara aldatu ziren eta han finkatu zuten egoitza, «eskulanen paradisua» sortuz. Ganbara zaharreko egurrek eta zapai makurrek kutsu berezia ematen diote lokalari, baita han barreiatutako tresnek eta trasteek ere: ehungailuak, margoak, oihalak, hariak, josteko makinak, puntua egiteko galtzorratzak eta artilea, zaharberritzeko altzariak, pintzelak…
Euskaltegiko ganbara horretan elkartzen dira ia egunero Irulekoak, 19:00tatik aurrera, bakoitzak bere gustuko lanak egiteko: puntuzko tokila ari da egiten bat, manta bat ehuntzen hasia da ondokoa, bidai kutxa bat zaharberritzeko lanetan murgilduta dago urrutirago dagoena, baserritar jantzi bat osatzeko alkondara josten dabil beste bat… Lagun arteko giroa da nagusi, eta ezagutzak partekatzeko baliatzen dituzte bileratxo horiek.
Puntu ikastaroa nagusi
Eskulanei dagokienez, puntu egitea dago orain modan, eta jarduera horrekin dabil buru-belarri Irule ere, asteazken arratsaldetan Tere Jimenok eta Arantxa Manzisidorrek ematen duten ikastaroarekin.
Izan ere, udalarekin duen konpromisoa betetzeko, egiten dituzten lanekin erakusketa bat jartzeaz gain, herritar guztiei irekitako ikastaroak ere eskaini behar dituzte Irulekoek. Eskulanak izan dira orain arte errege-erreginak, baina puntuak hartu die erreleboa. Ikastaroa asteazkenero 17:30etik 19:30era da, eta ikasle aldetik arrakasta handia du, denek nahi dutelako orain norbere eskuz egindako txanoa, bufanda, jertsea, tokila…
Bada harrera ona duen beste ikastaro bat ere, honako hau joste lan txikiena. Inma Lazkanok ematen du, eta bere helburua prakei barrenak hartzen edo kremailerak jartzen erakustea da.
Bazkide gazteen bila
Urrian hasi eta maiatzaren bukaerara arte ematen dituzte ikastaroak Iruleko egoitzan, eta emakumezkoei eta gizonezkoei zuzenduta daude. Ikastaroa egin- da, gero elkarteko bazkide egiteko aukera dute partaideek, eguneroko topaketa horietara joateko eta egoitza, arau batzuk betez, nahieran erabili ahal izateko. Irulekoak gazte jendearen zain daude, gaurko bazkideen adina gora doalako eta gazteei ere eskulanen mundua gustatzen zaiela badakitelako.