Ingurumen Sailak neurri zuzentzaileak eta kontrolak ezarri dizkie Ordiziako eta Zaldibiako bi enpresari, nikel emisioak antzeman ondoren
Bihar, 11:00etan, Gaintzako bidegurutzean prentsa agerraldia egingo dute Zaldibiako eta Ordiziako udaletako ordezkariek.
Ingurumen Sailburuordetzak neurri zuzentzaileak eta kontrolak ezarri dizkie Ordizian eta Zaldibian kokatzen diren bi enpresari, enpresa horietan nikel-partikulen emisioa antzeman ondoren. “Europa mailan emisio horien erreferentziarik ia ez dagoenez gero, isurketa horiek identifikatu dira Ingurumen Saileko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak egindako neurketa-kanpaina zorrotz baten ondoren”. Goierriko eta Tolosaldeko herrietan egin den neurketa-kanpaina hori bi urte baino gehiago luzatu da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zerbitzuek, 2016an, eman zioten hasiera kanpainari, Inma proiektuaren (Haurtzaroa eta Ingurumena) nazio mailako ikerketa baten barruan, Ordiziako giro airean nikel maila handiak antzeman ondoren —hiri-inguruneetan ohikoak direnak baino maila handiagoak—. Izatez, Inma proiektuak, haurdunaldian eta bizitzaren hasieran, airean, uretan eta dietan agertzen diren ingurumen kutsatzailerik garrantzitsuenen papera aztertzen du, baita ingurumen-kutsatzaile horiek haurren hazkuntzan eta garapenean duten eragina ere. Metal hori normalean oso maila apaletan agertzen da atmosferan.
Jaurlaritzak jakinarazi dueneze, datu hori Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi zitzaionean, 2016 eta 2017 artean berehala jarri zen abian emisio hori eragin zuten iturriak identifikatzeko azterketa. “Airearen kalitatea hobetzeari buruzko 102/2011 Errege Dekretuak nikel kutsatzailearentzat 20 nanogramoko (ng) xede-balioa ezartzen du giro-aireko metro kubikoko (m³), betiere PM10 zatikiaren barruan (2,5 eta 10 mikra arteko diametroa duten partikula esekiak); balio hori urte natural bateko batez bestekoari dagokio. Araudiak ezartzen duenez, xede-balio hori gainditzen den eremuetan, administrazio eskudunak horretan laguntzen duten iturriak identifikatu beharko ditu, eta mailak murrizteko eta xede-balioak betetzeko beharrezkoak diren neurri guztiak aplikatu beharko ditu, neurriz kanpoko kosturik sor ez dezaten”.
Ikerketa horretan, inguruneko enpresa ugariri informazioa eskatu zitzaien. Bestetik, hiru industria instalaziori dagozkien 8 emisio fokutan egin ziren neurketak, tximinietan bertan. Kutsatzaileen sakabanaketaren modelizazioak ere egin zituzten. Eta Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak neurketa kanpaina jarri zuen abian bi partikula kaptadorerekin, eta, gero, metalen analisia egin zen Osasun Publikoko Laborategietan.
Lan horietan identifikatu zuten “Ordiziako inguruneko enpresa batek eskatzen zitzaion araudi atmosferiko guztia betetzen zuen arren, nikela isurtzen ari zela giro airera”.
Hori dela eta, “2017. urtearen amaieran, ordura arte Euskadin eta Europako beste esparru batzuetan ezaguna ez zen gorabehera horren berri eman zitzaion enpresa horri. Enpresak nikelaren bi emisio iturri nagusietan neurri zuzentzaileak eta arazketa neurriak barnean hartzen zituen ekintza plana aurkeztu zuen. 2018ko martxoa eta maiatza bitartean egikaritu zuen ekintza-plan hori, eta hurrengo hilabeteetan, inguruko nikel-mailek bilakaera ona izan zuten, baina datuen zaintzari eutsi zitzaion”.
Dena den, 2018. urtearen amaieran, nikel mailak berriz ere “handiak” zirela hauteman zuten, eta 2019. urtearen hasieran joera horrek jarraitzen zuela ohartu ziren. “Ondorioz, enpresari jakinarazi zitzaion hartutako neurriak ez zirela nahikoak, eta bigarren ekintza plan bat aurkezteko eskatu zitzaion. 2019ko abuztutik azarora bitartean, arazketa sistema espezifikoak instalatu ziren beste 5 foku osagarritan; izan ere, lehen bi fokuek baino nikel-isurketa txikiagoa ematen zutenez gero, ez zen horien gainean jardun”.
Bigarren identifikazio azterketa
Horrez gain, eta nikela isur dezaketen beste iturri batzuk identifikatzeko helburuarekin, bigarren identifikazio azterketa bat egin zen, eta bilaketa eremua Zaldibia, Lazkao, Arama, Itsasondo, Legorreta eta Ikaztegieta udalerrietara zabaldu zuten. “Eremu horretako enpresen multzoari buruzko dokumentu eta landa azterketa egin zen. Azterketa horretan 32 enpresari eskatu zitzaien haien jarduerari buruzko informazioa eta enpresa horietako zenbait ikuskatu zen. Gainera, Zaldibian kokatzen den enpresa baten barruko partikulen lagina hartu zen”.
Aldi berean, “PM2,5 partikuletan (2,5 mikra baino gutxiagoko diametroa duten partikuletan) dauden metalak ezaugarritzeko immisio neurrien kanpaina bat abiarazi zen ingurune horretan, eta, 2019ko irailaren amaieran, kaptadoreak instalatu ziren Itsasondon, Lazkaon, Ordizian (suhiltzaileen estazio zaharrean), Zaldibian (Gaintzako bidegurutzean) eta Beasainen, arazoa geografikoki mugatzeko”.
Bigarren emisio iturria Zaldibian
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, emaitzek erakutsi zuten “Lazkaoko, Ordiziako (suhiltzaileak) eta Itsasondoko nikel mailak Ordizia-Urdanetako mailak baino askoz ere txikiagoak zirela. Haatik, Zaldibian, Gaintzako bidegurutzean, kokatutako unitate mugikorrak nikel maila handiak erregistratu zituen. Horregatik, eta emisioen jatorria hobeto zehazteko asmoz, joan den abenduan beste unitate mugikor bat jarri zuten Zaldibiako herrigunean, eta laginak egunean behin hartzetik hamabi orduan behin hartzera pasa zen”.
Horrela, Zaldibiako enpresa batean identifikatu zuten itxuraz nikela isurtzen zuen beste industria iturri bat. “Enpresa horrek partikulak isurtzeko dagozkion muga balioak betetzen ditu, eta joan den urtarrilean haren fokuetan neurketak egin ziren, tximinian bertan. Nikel partikulak isurtzen ari zirela berrestean, enpresa horri ekintza plan bat eskatu zitzaion, eta otsailean bertan aurkeztu beharko du ekintza plan hori. Eskakizun formal hori bat dator enpresak berak ekoizpena doitzeko hartu dituen neurriekin, eta neurri horiek lagungarriak izan dira atzemandako kutsadura mailak murrizteko”.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, “ingurumen araudiak ez du metalak isurtzeko tximiniako muga baliorik barnean hartzen industria mota horretarako, eta identifikatutako bi enpresa horiek betetzen dituzte erregulatzen diren kutsatzaile guztien emisioen tximiniako muga-balioak. Era berean, bi enpresek, arazoaren berri izan bezain laster, jarera proaktiboa izan dute eta soluzioak bilatu dituzte”.
Oraindik ere, aktibo jarraitzen dute Ordizia-Urdanetako, Zaldibia-Gaintzako eta Zaldibia-herriko neurketek, eta eremu horien gaineko zaintza berezia mantentzen ari dira, Ingurumen eta Osasun Publikoko teknikarien jarraipen talde espezifiko baten bidez.
Zaldibiako Udalaren oharra
Eusko Jaurlaritzak zabaldu duen oharraren harira, Zaldibiako Udalak adierazi duenez, “aire kalitatearen inguruko azterketa bat egiteko jaso genuen eskaerari erantzunez, azterketarako furgonetak kokatzeko baimenak eman eta argiz hornitu ditu Zaldibiako Udalak, azterketak egin zitezen lagunduz”. Era berean, “bai Zaldibiako Udalak, baita Ordiziakoak ere, azterketen emaitzen berri ahalik eta azkarren eman ziezaguten eskaerak egin ditugu”.
Bi udalen eskaerari erantzunez, gaur, 12:00etan, Lakuan izan dute bilera Goierriko bi udalek Ingurumen Saileko sailburuordearekin, teknikariarekin eta Osasun Publikoko arduradunekin. “Bertan eman digute azterketaren emaitza, ziurtatuta geratu delarik, Ordiziako eta Zaldibiako enpresa bana direla nikelaren isuriak dituztenak”.
Bihar, 11:00etan, bi udaletako ordezkariek Gaintzako bide gurutzean prentsa agerraldia egingo dutela jakinarazi Zaldibiako Udalak.