Irizarrek inoizko autobus eskaerarik handiena jaso du Marokon
Casablanca hiriko Alsa Albaidara enpresak Irizar hautatu du, 200 autobuseko flota hornitzeko. Irizar i3le modeloko autobus pertsonalizatuak izango dira, eta Marokon fabrikatuko dituzte.
Irizar Taldea Marokon lanean hasi zenetik jaso duen eskaririk handiena da. Casablanca hirirako 200 autobus egiteko enkargua eman dio Alsa Albaida garraio enpresak. Autobusak Irizar Maroc-ek Shkiraten duen lantegian fabrikatuko dira, eta 2020an zehar martxan izatea aurreikusi dute.
Scania K320 UB4X2 lb Euro6 txasisaren gainean eraikitako Irizar i3le modeloko autobusak izango dira. Enpresaren esanetan, “hiriaren eta bidaiarien beharretarako pertsonalizatuta” egongo dira, eta segurtasun, erosotasun nahiz irisgarritasun arloan “azken teknologia” erabiliko dute. 12 metroko luzera eta 33 lagunentzako tokia duten autobusak dira, gurpil-aulkientzako arrapalak eta mugikortasun urriko pertsonentzako plaza egokituekin.
Irizar Maroc-ek urtean 500 unitate ekoizteko gaitasuna du, eta Europako estandarren araberako teknologia eta ekoizpen-bitartekoak erabiltzen ditu. Irizar i6, i6S eta i3le modeloak egiten dituzte bertan, eta Marokorako ez ezik, Afrikako eta Europako hainbat herrialdeetara esportatzen dituzte autobusak.