Oria ibaiaren ur goraldiei aurre egiteko lanak abiatzeko hitzarmena sinatu dute
Beasaingo Udalak, CAFek eta URAk gaur sinatu dute lanak abiarazteko hitzarmena. Eraikinak eraitsi, Oriaren ibilgua zabaldu eta lanak finantzatzen laguntzeko konpromisoa hartu dute.
Uraren Euskal Agentziak Beasaingo Ezkiaga auzoa Uholde Arrisku Handiko Eremu izendatu zuen, CAFeko porteriako eraikinaren erruz Oria ibaia estutu egiten baita. Egoera konpontzeko, Beasaingo Udalak, CAFek eta Uraren Euskal Agentziak hitzarmena sinatu dute gaur goizean.
Hitzarmenak, funtsean, Oria ibaiaren zabaltzea aurreikusten du, eta horretarako porteriaren eraikina eta alboko zubia eraitsiko dituzte. Halere, CAFera ibilgailu arinak eta oinezkoak sartzeko zubi berri bat eraikiko dute, baita bulego eraikin bat ibaiaren bestaldean. Nahiz eta lanak 2021-2027 epemugarako aurreikusten diren, agintariek adierazi dute jarduketa puntualak aurreratzeko aukera dagoela.
Hiru aldeek hainbat konpromiso hartu dituzte: Uraren Euskal Agentziari dagokionez, bera arduratuko da besteak beste, egin beharreko obra hidraulikoak egitea eta kostuaren %50a finantzatzea eta ordaintzea milioi bat euroko inbertsiora heldu arte; Beasaingo Udalak lanen ondorioz suertatuko diren eraginak erregularizatzeko beharrezkoak diren hirigintza-dokumentuak izapidetzeko eta onartzeko ardura hartu du, eta kostuen %50a finantzatzea eta ordaintzea milioi bat euroko inbertsiora heldu arte; CAFi dagokionez, bere jabetzako lursail eta eraikinak Uraren Euskal Agentziaren esku jarriko ditu eta bulego berriko obrak bere gain hartuko ditu.