Otsaila hasi orduko, ereiteko patata prest
Oso feria animatua gertatu da, neguko produktu aukera fresko, ederra eta eguraldi argia lagun.
Aspaldiko esana da «Kandelario bero negua gero». Hala ote da? Hitzetik hortzera zebilen galdera asteburuko eguraldia eta tenperatura altuak gogoan. Ezezko ustea nagusitzen da, «ia gainera eguna poliki luzatu da eta egiten duena egiten duela ere ezta hain gogorra izango». Udaberriko lanak programatzeko eta prestatzeko garaia da. Patata ereitea esate baterako.
Oraindik goiz bada ere, negutegi barnean edota toki babesetan gutxi batzuk badira ere, orain ereiteko ohitura badute askok. Eta bezeroak galdezka hasi orduko, Jabier La Callek aguraindarrak Bernedotik kilo asko inguratzen ditu. Berezkoa duen umorearekin aurkeztu digu Jabierrek aurtengo aukera, azken urtetako zabalena. Bost patata mota, saltzen den kopuruaren arabera ordena honetan: agria nagusi (denetarako egokia den urteko patata eta erne muinik irten gabe gehien irauten duena); spunta (egosteko aproposa); jaerla (goizekoa laster muskiltzen da); monalisa (almidoi asko eta ur gutxikoa); eta orain arte Ordizian ikusi gabe ginen baraka izenekoa (hori argia, frijitzeko egokia). Agria kiloa 0,90 euroan; gainerakoak euroan.
Bestalde landareei dagokionez urteko tipula gorria ere prest da 3 eta 3,5 euroan zientoa.
Ahate arrautza berdexkak
Arreta pizten dute, ohiko arrautzen neurrikoak badira er,e kolorez urdin-berdexkak dira. Baliarraingo Edurne Jauregiren postuan 4 eta 4,5 euro artean dozena salgai. Bezero batek zioenez, «mundialak dira, oiloenak baina goxoagoak». Mahai berean ikusi dugu zirikilote dultzea edo erreximenta pote txikia euroan salgai. Baita lehen Cydonia japoniar adarrak ere loretan, dotore.
Mutiloako gazta krema
Behi gazta zaharrarekin egiten du Beñat Telleria Odiokoak gazte krema. «Ogi gainean zabaltzeko egokia, komertzial marka ezagunen testura bertsukoa baina gustu handiagoa du honek». 5 euroan eros daiteke potea.
Arkumea eta gazta berria
Arkumeak 3,15 euro (+BEZa) prezioan segitzen du. Eta ardi gazta berria tantaka-tantaka ekartzen hasi dira Itziar Arizmendi eta Lasatarrak, baina oraindik ez da artzain gehienen kasua, martxo hasierarako aurreikusten duten gehienek.