Imanolen doinuak jazz ukituarekin, Usurben
Ainara Ortega, Petti, Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez besaindarrak osatutako laukoteak Imanolen abesti ezagunenak jazz estiloan bertsionatzen ditu 'Imanol Jazz' emanaldian. 21:00etan da kontzertua.

Imanolen abestiak barruraino sartzen diren horietakoak dira. Are gehiago Ainara Ortegaren, Pettiren, Iñaki Salvadorren eta Karlos Gimenezenen mailako musikariek jotzen badituzte. Baina ez dituzte ohiko eran erreproduzitzen, jazz estiloan baizik. «Loraldia Kultur Elkartearen ekimen bati esker Mikel Laboaren abestiak jazz estiloan moldatu zituzten. Oso harrera ona izan zuen, eta Imanolekin gauza bera egitea otu zitzaion Iñaki Salvadorri», azaldu du Karlos Gimenezek piano jotzaileak. Imanol Jazz kontzertua 21:00etan izango da, Usurbe antzokian. Igartza Musika programako bigarren kontzertua da, otsaileko bakarra. Sarrerak salgai daude oraindik. Kontzertuaren aurretik Usurbe antzokiko leihatilan bertan eros daitezke, eta tickets.kutxabank.es webgunean.
Gimenez Imanolekin urteetan ibilitakoa da, eta ilusio handiz ekin zion proiektuari. «Ilusio handia dugun laukotea gara, eta oso ongi moldatzen gara elkarrekin. Taula gaineko giro ona ikusleak nabaritzen du, eta beraiek ere gehiago gozatzen dute», dio. Orain arteko emankizunetan aretoak bete egin dituzte, eta denetan txalo zaparrada batekin agurtu ditu publikoak. «Oso une berezia da. Gainera, jazzean inprobisatutako solo asko egiten ditugu eta amaitzean, nahiz eta abestiak jarraitu, txalo egiten dutenean gora etortzen zara», dio Gimenezek. Musika munduan beteranoa da, baina oraindik ere ilusioz gainezka dago: «Beasainen jotzeko gogo biziz nago, baina beldur apur bat ere badut. Lagunak eta senitartekoak entzuleen artean kale egiten badut…», dio txantxetan.
Imanolen hamabi abesti moldatu dituzte Imanol Jazz ikuskizunerako: Zure Tristura, Mayo, Izarapean… «Guri gehien gustatzen zaizkigun abestien aukeraketa bat da. Ez da erraza izan, asko kanpoan utzi behar izan ditugulako», azaldu du. Kontzertuak bi orduko iraupena du. «Moldaketak Iñakiren [Salvador], Ainararen [Ortega] eta hiruron artean egiten ditugu. Garrantzitsuena oinarri sendo bat izatea da, jazzaren ezaugarri nagusia den inprobisazioa ahalbideratzeko».
Bi pianok eta bi ahotsek osatzen dute laukotea. Gimenezek aitortzen du hasieran beldur apur bat eman ziola, ez baita batere ohikoa bi piano batera jotzea. «Praktikarekin oso melodia ona lortu dugu», hasi da Gimenez. «Nik egunero entseatzen dut, eta kontzertuen aurretik beti egiten dugu entsegu bat gutxienez».
Zuzenekoaren xarma
Gimenezek uste du internetarekin geroz eta musika gutxiago entzuten dugula zuzenean, eta horregatik begi onez ikusten du Igartza Musika Programa bezalako ekimenak. «Zuzeneko musikak beste bizitasun bat du, are gehiago jazzak».
Gazteei dei berezia egin die kontzertura etortzeko. «Imanolen abestiak denok ezagutzen ditugu, eta gazte asko hurbildu zaizkigu zoriontzera». Publiko helduak ere gozatu egingo duela dio Gimenezek.