'Ama-alu-lur (Sorgin baten ametsak)' liburua aurkeztu dute, Ekaitz Goikoetxearen bertsoekin
Donostia Kulturaren 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria lortutako antzezlanaren liburua da.

Pasa den ostegunean Ama- alu-lur (sorgin baten ametsak) liburua aurkeztu zuten Donostiako Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Denonartean argitaletxearen eskutik. Iaz Donostiako Poltsiko Saria irabazi zuen antzezlana da liburuan jaso dutena, eta herriz herri arrakasta eta harrera ezin hobea izaten ari dena. Hainbat sortzaileren arteko elkarlanaren emaitza da Ama-Alu-Lur proiektua.
-May Gorostiaga, ideia eta egilea
–Beatriz Larrañaga, ideia eta aktorea
–Ekaitz Goikoetxea, bertsoak eta egokitzapena
–Imanol Arabaolaza, egokitzapena
–Itziar Saenz de Ojer, aktorea
–Juan Kruz Igerabide, liburuaren hitzaurrearen egilea.
Igerabidek, XXI. mendean gezurra badirudi ere, gaur egun gai hau jorratzea “ausarta” zela adierazi zuen,” mesedegarria eta terapeutikoa, eta oso higienikoa”. Halaber, “alua, gaia bera, hain gordin eta aldi berean goxo tratatu izana” nabarmendu nahi izan zuen.
Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren bertsoek eszenak girotzen eta mezuak indartzen laguntzen dute, eta bere eguneroko jardunean irakasle eta hezitzaile den neurrian, ikaragarri eskertzen duela “alu” hitza ahoskatzea bera ere horrenbeste kostatzen zaigun garaiotan horrelako obra bat ondu eta taularatzea. Herriz herri taularatu eta ikastetxe guztietan irakurri eta landu beharreko antzezlantzat du Ekaitz Goikoetxeak.
Juan Kruz Igerabideren aurkezpena
Eskerrak zuei, mundu honetan sartzeagatik. Zeren hasteko harrituta gelditu nintzen. Gaur egun gai hau tratatzea ausarta da; gezurra dirudi frankismoa duela 40 ta piku urte bukatu zela, baina atzeraka goaz kontu batzuetan eta nik ausardia hau asko estimatzen dut.
Lotsarik gabeko pieza bat da, baina ez da lotsagabea.
Dago benetako xamurtasun bat, izugarrizko delikadeza edo kuidadoarekin,mimoarekin egina dago, errespetu izurgarriarekin, eta, aldi berean, ez dago egina buruari bridak jarriz eta halako tabuekin, eta horrekin guztiarekin hausten da eta hitz egiten da lasai-lasai eta naturalidade guztiarekin. Hori izugarri eskertu dut, horrelako gai bat, alua, eta ze naturalidadearekin baina ze errespetuarekin hitz egiten den aldi berean.
Hau ikusten duzunean jotzen duzu… nik segituan amalurrarekin egin dut konexioa, ama-lurretik dator, amalurra alu handi bat da eta guztiok bertatik gatoz, eta berehala egin dut konexio hori, eta gero bestetik, gizakiarekin, historiarekin eta hasierako planteamenduarekin, kobazuloetara goaz eta lehen emaitza kulturaletara ezta… , han totemak edo zer indar totemiko batzuk… alua eta zakila oinarrizkoak dira, kasu honetan alua hartzen da eta hori guztia transzendentzia, azpian badago transzendentzia, baina forman oso modu arinean esaten da ez da testu transzendente bat nahiz eta azpian izugarrizko garrantzia duen kontua esan. Ez dago hemen erlijiositaterik modu erlijiosoan esanda, baina badago indar bat, ez dakit nola esan, agian antzinako erlijiositate natural baten indar bat dago testu guztian umorez eta bizipozez egina.
Joe, nik ezin nion gehiago eskatu antzezlan bati. Horrela tratatzea gai hau mesedegarria da eta terapeutikoa aldi berean; eta higienikoa, higienikoa, oso oso higienikoa.
Zorion beroak eman nahi dizkizuet, horrela aurkezteagatik, gordin eta goxo.