«Nire bi pasioak uztartu ditut liburuetan, argazkia eta bidaiak»
Argazkiak eta bidaiak dira Iosu Garairen zaletasun handienak; biak uztartu eta 'Bi pasio' izeneko bi liburu argitaratu ditu, irudiekin egiten duen lanari euskarri iraunkorra emateko asmoz.
Zergatik argitaratzen du argazkilari batek liburu bat?
Buruan beti bueltaka nerabilen, zerbait egin behar nuela hainbeste argazki edukita, horiei irteera emateko. Gaur egun sare sozialak daude, eta gehienek horietan publikatzen dituzte argazkiak, baina hor bukatzen da beren bidea. Hain efimeroa da, hain azkar pasatzen da guztia… Gaur Facebooken publikatzen duzun argazkia, hemendik bost minutura ez dago. Ni ez naiz horren aldekoa, eta erabaki dut ez egitea. Euskarri sakonagoa nahi nuen nik, edo denboran iraungo duena, eta horretarako bi aukera daude, liburuak eta erakusketak. Erakusketak eginda nago, baina gastu handia dute eta erakusketak mugitzeko kontaktuak eta denbora behar duzu, eta nik ez dauzkat ez bata ez bestea. Horregatik aukeratu dut liburua, nahiz eta hori ere garesti samarra izan. Horrela be- hintzat, hor geratuko da nire lana.
Liburu bat ez, bi argitaratu dituzu gainera.
Bai, bi atera ditut. Hirugarren bat era badut buruan, eta gero ez dakit. Argi dut argazki batek denboran irauteko horrelako euskarri bat behar duela, papera.
‘Bi pasio’ izenburupean argitaratu dituzu biak, 1. liburukia eta 2. liburukia.
Nire bi pasioak uztartu ditut liburuetan, argazkia eta bidaiak. Lehen liburua iaz argitaratu nuen, garai honetan bertan, eta bigarrena otsailaren hasieran.
Zer jaso duzu liburuetan?
Gu egon garen herrietako irudiak dira, kaleko giroa eta egoerak, jendea gehienetan, erretratu dezente… Paisaia gutxi sartu ditut, nahiz eta gu egondako leku batzuetan oso paisaia ikusgarriak dauden.
Eta non ateratakoak dira?
2006an Indiara egin genuen bidaia batekin hasi naiz, eta aurten Gabonetan Tailandiara egindakoarekin amaitu. Bitartean, Madagascar, Etiopia, Txina, Oman, Laos, Iran, Uganda, Birmania, Sri Lanka, Butan, Nepal, Tanzania, Senegal, Pakistan, Mali, Kyrgyzstan, Uzbekistan eta Kuba ezagutu ditugu. Asiakoak eta Afrikakoak dira argazki gehienak, Asia da gehien zapaldu dugun kontinentea. Indian hiru aldiz egon gara, eta lehen bidaiakoak bakarrik jaso ditut liburuetan; Indiak kapitulu bat aparte merezi du eta agian beste liburu bat eskainiko diot.
Bidaiak egiteko ez dira ohiko helmugak.
Ez, egia esan ez dira bidaia arruntak. Gu ez gara joaten turismo bidaiak egitera, edo mendia egitera… Argazkiak egiteko bai dira, ordea, oso helmuga aproposak. Geure kontura joaten gara, ez gara ibiltzen turistak ibili ohi diren lekuetan, eta normalean lurralde batera joaten garenean ez dugu hiriburua zapaldu ere egiten.
Pluralean hitz egiten duzu, gu diozu beti. Zein da bestea?
Bai, Aitziber Osinalde ere aipatu behar da, beragatik ez balitz… Niri falta zaidan ausardia berak eman dit, ni bakarrik bidaiatzeko koldarragoa naiz… Eta horri esker lortu dugu hau guztia, bi liburuetan bere zati bat dago.
Zuri-beltzezkoak dira bi liburuetako argazkiak. Zergatik?
Nire ustez zuri-beltzak sentimenduak adierazteko puntutxo bat gehiago dauka koloreak baino; koloreak entretenitu egiten du gehiago. Nik garrantzia handia ematen diot begiradari, erretratu gehienetan begiradaren bat dago, eta zuri-beltzak plus bat du horretarako.
Zuri-beltzaz gain, zeintzuk dira zure argazkien ezaugarriak?
Ia manipulaziorik gabekoak dira. Niri ez zait gehiegi gustatzen Photoshop eta horrelako programekin ordenadore aurrean eseri eta argazkiak ukitzen denbora igarotzea; kontrastea, brilloa, argiak… oso gutxi editatzen ditut. Argazki ‘purua’ nahiago ditut.
Non erosi daitezke liburuak?
Nire webgunearen bitartez, iosugarai.com, eta egiten ditudan erakusketetara eramango ditut.