«Artzaintza da gure lanbidea, eta gustatzen zaigu erakustea egiten duguna»
Martxoan hasiko diren Artzaintxo Egunak prestatzen ari dira Legazpiko Erraizabal baserrian. Artzaintza eta gaztagintza ezagutzeko bisita didaktikoak eta tailerrak eskainiko dituzte Arantza Segurolak eta Juanjoxe Arangurenek.
Noiz jaioko dira arkumeak?
Martxoaren 2aren inguruan. Urriaren 2an intseminatu genituen ardiak, eta bost hilabeteko ernaldia dute.
Zenbat arkume jaioko dira?
140ren bat. Artaldean 115 ardi eta bost ahari ditugu. Ardi batek hiru arkume ere izan ditzake. Iazko batez bestekoa ardiko 1,7 arkumekoa izan zen.
Arkumeak dira Artzaintxo eguneko izarrak.
Bai, baina bisitariei artzaintzaren inguruan gauza gehiago daudela ere erakusten diegu: arkumeak nondik jaiotzen diren, ardietatik hain zuzen; ardiak zer ematen digun, hau da, esnea; gazta nola egiten den; artilearekin zer egin daitekeen… Kontuan izan hona etortzen diren askok, umeek behintzat, gazta dendako hozkailutik ateratzen dela uste dutela. Lanketa txiki baten ondoren, guk egiten dugun gazta dastatzeko ematen diegu, eta gero joaten dira ukuilura, lanera, arkumeei biberoia ematera. Pozik joaten dira.
Zer dira zuentzat Artzaintxo egunak?
Garai hau lan handikoa da guretzat, erditzeak eta arkume jaio berriak zaindu behar ditugu, gazta egiten hasiko gara… eta gainera, bisitariak. Baina gure lana artzaintza da, eta jendeari lan hori erakustea gustatzen zaigu, are gehiago baserri mundua urruti dutenei.
Noiz hasiko zarete gaztarekin?
Martxoaren 10ean edo hasiko gara, eta amaitu abuztuan; 1.500 kilo egingo ditugu. Santikutzetarako prest egongo da.
Zuk egiten duzu gazta?
Bai, hori nire lana da, baina Erraizabalen Juanjo senarrak, Paula alabak eta Mari Jose Aizpuruak ere egiten dute lan.