Bertako ekoizleentzako denda
Abendutik irekita dago berriz ere Zeraingo Turismo Bulegoko denda. Oinarrizko produktuekin batera, inguruko ekoizleen gazta, sagardoa eta zeramika dituzte salgai
Dendek bizia ematen diete herriei. Bizia herritarrek erosketak bertan egiteko aukera izan dezaketelako, eta baita inguruko ekoizleek gertu izan dezaketelako haien produktuak saltzeko aukera. Zeraingo Turismo Bulegoak denda zerbitzua ere eskaintzen du abenduaz geroztik. Horrez gain, Hariztieder aterpetxea kudeatzen dute, eta Aizpitara, herri museora eta Larraondo zerrategira bisita gidatuak antolatzen dituzte.
2019ko abendu bukaera aldera ireki zuten berriz ere Turismo Bulegoko denda. Ordura arte Aldabe enpresak kudeatu zuen bulegoa, eta orain martxan jarri du Zerain Dezagun fundazioak. Bertako ekoizleen produktuak saltzea eta ezagutaraztea dute ardatz. Oraingoz, Zeraingo, Segurako, Olaberriko eta Itsasoko produktuak dituzte salgai.
Bertako produktuak
Zeraingo produktuetatik, gazta eta sagardoa dira nagusi. Zeraingo Basozabal, Aranburu, Garoa eta Milagros gaztandegietako gaztak eskura daitezke bertan. Sagardozaleentzako, eskuragarri daude Oiharte eta Otatza sagardotegietako produktuak. Herritar batek arrautzak ere jarri ditu salmentan. Olaberrian egindako txakolina ere saltzen dute. Seguratik, berriz, eztia, ukenduak eta argizariak izaten dituzte. Itsasoko Pott zeramika enpresak egindako eskulanak ere badituzte: katiluak, bolak edo ardi eta meta figurako eskulanak. Produktu ekologikoei garrantzia handia ematen dietela ere azaldu dute: «Mutiloako gaztandegi batetik behi gazta ekologikoa saltzeko asmoa ere badugu datozen hilabeteetarako».
Ekoizleak animatu nahi dituzte dendan produktuak saltzera. Interesdunek zeraindezagunfundazioa-@gmail.com helbidera idatz dezakete.
Adierazi dute negu partean turismoak beherakada izan dezakeen arren, martxo aldean jendea espero dutela: «Zegama Aizkorri eta AsteSantutako oporrak direla eta, jende andana ibiltzen da; Kataluniatik, Frantziatik jende asko etortzen da». Hariztieder aterpetxean berrikuntza lanetan dabiltza orain, eta amaitzean irekiko dute berriro ere.