Egun batez artzain izateko aukera eskainiko du Lenburrek martxoan hasita
Martxoaren 8an hasiko dira Erraizabal baserriko Artzaintxo egunak. Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da. Aste Santuan martxan jarriko dute Mirandaolako burdinola
Arkumeak ez dira oraindik jaio Telleriarte auzoko Erraizabal baserrian, baina Artzaintxo egunak hasteko prestaketa lanetan ari dira dagoeneko Arantza Segurola eta Juanjoxe Aranguren. Lenbur Fundazioak antolatuta, familiak artzainen eta gaztagileen lanbidera hurbiltzeko tailerrak dira Artzaintxo egunak, bereziki txikienei zuzendutako ekintza didaktikoak.
Aurten, martxoaren 8an hasita, Aste Santuko igandera arte egingo dira: martxoaren 8an, 14an, 15ean, 19an, 21ean, 27an eta 28an, eta apirilaren 4an, 5ean, 9an, 11n eta 12an. Taldeentzako tailerrak ere egiten dituzte.
Ordu eta laurdeneko iraupena izango du tailerrak, eta egunean bi egingo dira: 11:00etan eta 12:30ean. Erreserbak egitea derrigorrezkoa izango da, baita legazpiarrentzako ere, eta hori Mirandaolako turismo bulegoan egin behar da, edo 943 73 04 28 telefono zenbakira deituta. Prezioa pertsonako 5 eurokoa da.
Arkumeei biberoia ematen
Haurrek bereziki gustuko duten plana da Artzaintxo egunek proposatutakoa. Egun batez artzain bihurtzen dira eta, besteak beste, baserriko artegira hurbildu eta, arkumeak eskuetan hartuta, biberoia emateko aukera izaten dute. Zorte pixka bat izanda, gainera, arkumeak jaiotzen ere ikusi ahal izango dute.
Baina bisita didaktiko honek baditu osagai gehiago. Hala, Erraizabal baserrian kokatuta dagoen Artzaintzaren Ekomuseoa ere ikusiko dute bisitariek, eta han gaztaren sekretuak, elikadura osasuntsuaren garrantzia, mutur beltz ardien berezitasunak edo kaikuaren erabilera ezagutzeko aukera izango dute. Artegira arkumeekin lan egitera joan aurretik, Erraizabalen egindako gazta dastatuko dute.
Artzaintxo egunek arrakasta handia dute, eta Gipuzkoa osotik eta inguruko lurraldeetatik etortzen dira bisitariak.
Errota eta burdinola
Lenburrek eskaintzen ditu familia plan gehiago urteko sasoi honetan, Brinkolako Igeralde baserriko eta Igeralde errotako Errotari eguna, esaterako. Ogiaren historia eta baserriko ohitura zaharrak ezagutu, errota martxan ipini eta ogia egiteko prozesua ikusi ondoren, opiltxo banarekin joango dira etxera bisitariak.
Bestetik, Aste Santuko egunetan burdinola martxan ikusteko aukera zabalduko diete bisitariei.