Iraitz Zubizarretak pilotari profesional Ataunen debutatuko du, maiatzaren 8an
Baiko enpresak fitxatu du aurrelari ataundarra, 2016tik 2019ra Asperekin aurrekontratua baldin bazeukan ere. Goierrik bost pilotari profesional izango ditu.
Aurreko bi urteetan jauzia noiz emango zuen zain-zain egon ondoren, Iraitz Zubizarreta Agirre (Aia, Ataun, 1999) pilotari profesional izango dela gaur baieztatu du Baiko enpresak. Aurrelari ataundarra fitxatu du, eta maiatzaren 8an, ostiralarekin, Ataunen bertako Auzoeta kiroldegian egingo du debuta. Etxean debutatuko du, eta jokalekua arrotza ez izateaz gain, giroa ere ez zaio berria egingo: 2018an jada herriko jaialdian profesionalekin jokatu zuen.
Aspe enpresarekin aurrekontratua eduki du Zubizarretak, 2016tik aurrera, hiru urtean. Hala, horko pilotari profesionalekin entrenatzen jardun izan da. Profesionaletarako urratsa egiteko aukera, baina, Baikok eman dio. Azken bi urteetan, afizionatuetako txapelketa ugari irabazi ditu: Gipuzkoako txapeldun 2018an eta 2019an, Euskal Herriko lau t’erdiko txapeldun bi urtean jarraian… Iaz beste lau torneo ere irabazi zituen.
Lazkaoko Lapke elkartearen egituran sendotu da Zubizarreta pilotari bezala. Goierrin aktibo diren lau pilotarien ondoan (Jon Ander Albisu herkidea, Iker Irribarria, Xabi Erostarbe eta Beñat Garmendia, iaz debutatua), bosgarrena izango da Zubizarreta goren mailan.